Ekainaren 10eko giza-katea iragartzeko bideoklip zatia grabatu du Gure Esku Dagok igande goiz honetan, Usurbilgo plazan. Amaieran, ondoko talde argazkia atera dute, aipatu ekimenari babesa adierazteko.
Euskal Herrian egin den inoizko mobilizazio handiena iragarria du Gure Esku Dago mugimenduak ekainaren 10erako; Donostia, Bilbo eta Gasteiz, eta bidean hamaika herri lotu eta 201,9 kilometro luze izango dituen giza-katea. Gogoan izan, Usurbildik eta Aginagatik ere igaroko dela, "Eman eskua etorkizunari" aldarripean burutuko den erabakitze eskubidearen aldeko ekimena.
Internet bidezko izen ematea ere zabalik
Gogoan izan bestalde, giza-katerako izen emateko epea zabalik dagoela, baita Internet bidezkoa ere. Modu honetan apuntatu nahi duenak, https://gizakatea.gureeskudago.eus atarira sartu behar du, eta bertan dagoen formularioa datu pertsonalekin bete.
Inskripzioa bideratzeko gerturatu bestela, Usurbilgo Gure Esku Dagok astebururo (ostiral iluntzeetan, eta larunbat nahiz igande eguerdi partean) frontoi inguruan jarri ohi duen postura. Ekainaren 10eko hitzordurako izena ematearekin batera, "ekimena finantzatzeko painueloa (5 euro) eta kamiseta berriak (10 euro) erosteko aukera izango da”.
Jada 250 bat usurbildarrek giza-katerako izena eman dute. Baina adi, gutxienez 1.000 herritar beharko dira Usurbilen (Txara ingurutik Ucin lantegi parera arte) eta Aginaga kaxkoko giza-kate zatiak osatzeko.
Antolaketa lanetan ere parte hartu daiteke. “Giza-katea ongi atera dadin, lan asko dugu aurretik eta beraz, laguntza oro izango da ongi etorria. Bakoitzak ahal duen neurrian eta moduan, guztiok gara beharrezkoak erabakitze eskubidearen aldeko borrokan. Bere aletxoa jarri nahi duen edozein herritarri ostegunetako bilera irekietara hurbiltzeko gonbita egiten diogu”. Ostegun arratsaldeko biltzen dira 19:00etan Potxoenean.
https://twitter.com/twitter/statuses/983636276267175936
Usurbil eta Aginagatik igaroko da
Eguna: ekainak 10, igandea.
Aldarria: "Eman eskua etorkizunari".
Ibilbidea: Donostiako Kontxatik Gasteizeraino.
Luzeera: 201,9 kilometro.
Oharra: Donostia, Bilbo eta Gasteiz lotuko dituen giza-katea Usurbil eta Aginagatik igaroko da. Usurbilek bi kilometro betetzeko ardura izango du, Txara paretik (Ugaldea industriagunerako sarbide paretik), Kale Nagusia zeharkatu eta Atxegalde auzoa igaro arte, Ucin enpresa pareraino. Kilometro erdi bat Aginagako Kaxkoan. 1.000 herritar baino gehiago beharko dira.
Informazio gehiago: gureeskudago.eus
Deitzailea: Gure Esku Dago.
Prestaketak
-Giza-katerako izen emate mahaia astebururo frontoi inguruan: ostiral arratsaldeetan, larunbat eta igande eguerdietan.
-Usurbilgo Gure Esku Dago lan taldearen bilerak ostegunero 19:00etan Potxoenean.
-Informazio gehiago:
Facebook: Gure Esku Dago Usurbil
Twitter: @GureEskuDagoU