Ikastolaren 50. urtemugako diskoa, apirilaren 23tik aurrera eskuragarri

Noaua Aldizkaria 2018ko api. 16a, 08:46

Ikastolaren 50. urtemugari doinua jarri dion 12 kantez osatutako diskoa kaleratzear dute. Udarregitik berri eman dutenez, apirilaren 23tik aurrera izango da eskuragarri 6 eurotan, Lizardi eta Laurok liburu dendetan, Bordatxo tabernan eta Udarregi Ikastolan.

Martxoan grabatu zuten ikastolako komunitateko egungo kideek eta kide ohiek. "Kantariak, ikastola osatzen duten oro izan dira, ikasle, ikasle ohi, guraso, guraso ohi, aiton-amonak, irakasleak, irakasle ohiak eta langileak. Instrumentu joleen artean ere, ikastolako guraso, irakasle, zein ikasle eta ikasle ohiak izenda ditzakegu, tartean, oso ezagunak diren instrumentu joleak", ikastolatik NOAUA!ri berri eman diotenez.

"Usurbilgo ikastolan abesten dituzten kantak grabatu dira. Kanta alaiak, kanta ederrak… txirularekin jotzeko kantak, irakasleek sortutakoak, ikasleek sortutakoak, ikasle ohiek sortutakoak… eta Gattunk kanta¨.

Ikastolako musika gelan grabatu zuten diskoa joan den hilabetean zehar. Moldaketak Jaione Eskudero ikastolako musika irakasleak egin ditu. Udarregiko guraso ohi Kaki Arkarazo arduratu da grabaketaz.

Abestien artean, bada bat ikasle ohiena. Luken Arkarazok sortu du doinua eta letra, "ikasle ohien artean moldatuta, eta Martxel Arkarazo teknikari lanetan jardunez Garate estudioetan”. Kanta guztion nahasketan Andoaingo Garate estudioetan egin dituzte. "Kanta hauek edonoren belarrietara gozo sartzea lortu dute ikastolako kantari eta musikariek, kanta bakoitza mimo, gogo, intentzio eta maitasun handiz egina dago. Adin guztietako pertsonentzat zuzendua dago”.

 

Irudiak: Udarregi Ikastola.