2017ko errenta aitorpen kanpaina betean murgildu gara. Autolikidazio proposamena jaso duzuenok zabalik duzue gaurtik (apirilak 16), proposamenok onartzeko epea. Ogasunarekin diru kontuak onartzeko adi finkatua dagoen egutegi honi:
-Zerga informazioa Gipuzkoako Foru Aldundiko ataritik eskuratu edo postaz bidaltzea eskatzeko aukera dago jada.
-Apirilak 10-24: autolikidazio proposamenak bidaliko dituzte.
-Apirilaren 6tik aurrera: autolikidazio proposamenak ikusteko aukera egongo da.
-Apirilak 16-ekainak 30: autolikidazio proposamenak onartzekoa.
-Apirilak 20-ekainak 9: errenta aitorpen mekanizaturako hitzordua eskatzeko aukera (autolikidazio proposamena onartu nahi ez dutenek apirilaren 26ra arte itxaron beharko dute).
-Apirilak 23-ekainak 30: errenta aitorpen mekanizatua nahiz Internet bidez egiteko aukera. Argibide gehiagorako: 902 100 040/ gipuzkoa.eus/ogasuna
Errenta Aitorpena euskaraz tramitatzeko deia
Ogasunarekin diru kontuak argitzeko garaia heldu den honetan, Errenta Aitorpena euskaraz tramitatzeko deia egin du Usurbil kide duen Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak (UEMA), baita eskualdeko, Buruntzaldeko Udalek ere. Errenta Aitorpena bideratzeko epea zabalik dagoen honetan, kanpaina paralelo bat abiarazi dute herritarrak tramitazio hau euskaraz egitera animatzeko eta herritarrek administrazio publikoarekin dituzten harremanak euskalduntzeko. "Izan ere, errenta aitorpena euskaraz eginda, administrazioaren euskalduntzea ere bultzatzen da", UEMA-tik nabarmentzen dutenez.
Eta ondorioz baita, euskararen normalizazioa sustatzen da. Halere, aipatu mankomunitatetik ohartarazten dutenez, "urratsa sendoa izan dadin, ordea, herritarren babesa eta parte-hartzea beharrezkoa da, eta hautu horretan eragin nahi du aurten ere kanpainak, euskarak dagokion lekua izan dezan administrazio publikoan ere".
Udalerri euskaldunen datuetan islatu nahi da, "udalerri euskaldunetan bizi garela" eta aipatu moduan, administrazioaren euskalduntze bidean eragiten jarraitu nahi da. Oraindik gehiengo zabal batek, errenta aitortzeko hizkuntza gisa gaztelania hautatzen du, UEMA-tik helarazi dizkiguten ondoko datuek argi adierazten dutenez.
Opariak irabazteko aukera
Andoain, Astigarraga, Hernani, Lasarte-Oria, Urnieta eta Usurbilgo udaletako euskara batzordeek ere errenta aitorpena euskaraz egitera animatzen dute. "Apirilaren 6tik aurrera autolikidazioa onartzerakoan, sakatu euskararen aukera", deitzen diete herritarrei. Errenta Aitorpena euskaraz egiteak saria dakar Buruntzaldera. Gai honi lotuta, Buruntzaldeko Udalek argitaratuko duten albistea elkarbanatzen baduzue, opariak eskuratzeko aukera izango da. Informazio gehiago:
https://www.facebook.com/BuruntzaldeaEuskaraz/
http://euskara.buruntzaldea.eus/euskara/egitasmoak/errenta-aitorpena
2016ko Errenta aitorpena
Euskaraz/Gaztelaniaz/Guztira
USURBIL
893 /2.343 / 3.236
BURUNTZALDEA
Andoain
1.083 / 6.319 / 7.402
Astigarraga
507 / 2.791 / 3.298
Hernani
1.964 / 8.221 / 10.185
Lasarte
809 / 8.462 / 9.271
Urnieta
465 / 2.639 / 3.104
Usurbil
893 / 2.343 / 3.236
GIPUZKOA
58.287 / 316.551 / 374.838