Jose Luis Zumetaren sortze prozesua bertatik bertara ezagutzeko aukera eskaintzen du "Izenik gabe, 200x133" dokumentalak. Bere alaba Monika Zumetak eta Enara Goikoetxeak zuzenduriko ikus-entzunezkoa 2013ko 61. Donostiako Zinemaldian estreinatu zuten. Urte hartako NOAUA!ren Kulturaldian Sutegin proiektatu zen. Ikus-entzunezkoa bere garaian ikusi gabe geratu bazineten, Euskal Telebistak astelehen gau honetan (apirilak 16) eskainiko du, 22:45ean hasita. ETB-k ohartarazi duenez, 23:30etatik aurrera, eitb.eus -en ere ikusgai izango da.
Albiste honi atxikitako bideoan duzue dokumentalaren aurrerapentxo bat. "José Luis Zumeta margolariak desordutan egiten du lan Arribeko (Nafarroa) autobus-garaje zahar batean kokaturiko bere tailerrean. Oraingoan, 200x133 neurriko bi margorekin ari da. Bere asmoa haiek Donostiako suhiltzaileen eraikin zaharrean erakustea da. Lan horien sormen-prozesua da dokumental honen muina. Margolariak lehen aldiz erakutsiko du, kamera baten aurrean, bereizgarri duen barru-barruko sormen prozesu bakana. Grabaketa-taldeak jarraipen trinkoa egingo dio: artistak mihisea eraikitzeko ematen dituen lehen urratsekin hasi, obren sorkuntzarekin jarraitu, eta haien erakusketarekin amaituko da".
J.L. ZUMETAREN SORTZE PROZESUA
Izenburua: "Izenik gabe, 200X133".
Zuzendariak: Enara Goikoetxea eta Monika Zumeta.
Gidoia: Miren Juaristi eta Monika Zumeta.
Ekoizlea: Iurre Telleria, Pako Ruiz.
Musika: Pascal Gaigne.
Soinua: Martin Guridi, Iñaki Alonso.
Fx: Alvaro Herrero.
Ekoizpena: Sonora Estudios, Moztu Filmak.
Argazkia: Esteban Ramos.
Iraupena: 82 minutu.