Euskararen erabilera suspertzeko azaroaren 23tik abenduaren 3ra iragarri den Euskal Herri mailako ekimenarekin bat egina du Usurbilek; Euskaraldiarekin alegia. Prestaketa lanak abian ditu, zeregin honetarako herri eragile ezberdinetako ordezkariek eta herritarrek osatua duten batzordeak. Ekimena udalerri honetan diseinatzen segitzeko batzar irekia deitu dute astearte honetarako (apirilak 17) 18:00etan Potxoenean. Batzar irekia izango da, nahi duen herritar oro bertaratu daiteke.
Milaka lagun lanean
Beste herri eta hiri askok bezala, Euskaraldirako izena emana du jada Usurbilek. Euskal Herriko ondoko mapan ikus dezakezuenez, ugaritzen doaz atxikimenduak. Izatez, apirilaren 8ra arte zuten udalerriek izen emateko epea, baina azkenean hilaren 30era arte luzatu dute inskripzio epea. "Gaur-gaurkoz milaka lagun ari dira, Euskal Herri osoan, batzordeak sortzen eta ekimena prestatzen", irakurri dugu euskaraldia.eus atarian.
Egutegia
-Apirilaren 30era arte: Euskaraldian izen ematea.
-Apirila-maiatza: mintegiak lurraldeka, herrietako batzorde kideei lanerako trenak eta baliabideak eskaintzeko.
-Euskaraldian parte hartuko duten "ahobizi" eta "belarriprest" guztientzako prestakuntza saioak eskainiko dituzten lagun sarearen osatzea eta haientzako prestakuntza ikastaroak lurraldeka.
-Irailetik aurrera, Euskaraldian parte hartu nahi duten "ahobizi" eta "belarriprest" guztientzako izen ematea.
-Euskaraldia: azaroaren 23tik abenduaren 3ra.