"Bizitza erdian" aldarripean, ekitaldi jendetsua egin zuen EHBilduk igande eguerdian Azpeitiako plazan, Ainhoa Intxaurrandietari eta Iñaki Errazkini babes eta elkartasun osoa adierazteko. Gogoan izan, 2013ko azaroan Zubietako erraustegiko lanak eteteagatik epaitu zituzten aurreko ostegunean Madrilgo Kontu Auzitegian, garai hartako Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioko lehendakaria (Intxaurrandieta) eta foru ingurumen diputatua (Errazkin).
Milaka gipuzkoarrek urte luzez eskatutakoa, herriaren mandatua betetzeak izandako eragin ekonomikoa beren poltsikoetatik ordaintzea eskatzen diete egungo GHK-ko agintariek, EAJ eta PSE-ko ordezkariek. Haiek aurkezturiko salaketaren ondorioa da aurreko osteguneko epaiketa. Guztira 40 milioi eurotik gora beren poltsikoetatik ordaintzea eskatzen diete bi auziperatuei. Aipatu moduan, testuinguru honetan deitu zituzten deklaratzera Madrilera, apirilaren 12an.
Hainbat erakunde, eragile eta herritarrengandik elkartasun mezuak jasotzen ari dira Ainhoa eta Iñaki. Igande eguerdian, auziperaturietariko baten, Iñaki Errazkinen sorterrian eginiko ekitaldian, EHBildu koalizioaren babes osoa jaso zuten. Bertan ziren, besteak beste, Arnaldo Otegi, Maddalen Iriarte, Marian Beitialarrangoitia, Arkaitz Rodriguez, Pello Urizar, Miren Larrion, Oihana Etxebarrieta, Larraitz Ugarte, Ikerne Badiola, Helena Franco, Juan Karlos Izagirre eta Ander Rodriguez. Eta noski, Intxaurrandieta eta Errazkin.
Bertan ziren baita, Usurbilgo EHBilduko kideak. "Hemen gaude Azpeitian Iñaki Errazkini eta Ainhoa Intxaurrandietari babesa adierazteko. #DenokGaraAinhoaEtaIñaki #Erraustegirikez", zioten sare sozialen bidez.
EHBilduk zabaldu dituen ondoko bideoetan dituzue Marian Beitalarrangoitiaren edota Maddalen Iriarteren adierazpenak.
HURRENGO DEIALDIAK
Apirilak 24, asteartea
18:00 Usurbilgo Udaleko udalbatzaren osoko ohiko bilkura. Gai honi buruzko mozioa aurkeztuko du Usurbilgo EHBilduk, eztabaidatua eta bozkatua izan dadin.
Maiatzak 17, osteguna
"Angula ustelak" hitzaldi zikloko solasaldia Ainhoa Intxaurrandieta eta Igor Melchorrekin, Zubietako Kaxkapen.
Antolatzailea: Gipuzkoa Zutik.
Irudia: Uztarria.
https://youtu.be/-IU8SONWv-U
https://youtu.be/7SUT2S4Hb9U
https://twitter.com/EHBilduUsurbil/status/985470571633930241
https://twitter.com/ehbildu/status/985547002250440705
https://twitter.com/twitter/statuses/985545169318633472
https://twitter.com/ehbildu/status/985475302494298112