Albiste honi atxikitako ondoko irudian ikus dezakezue. Usurbilgo Gure Esku Dagok, ekainaren 10eko giza-katerako izen emateko asteburuetan frontoi inguruan jarri ohi duen irudi handi horretan ikus dezakezue, asteaz aste, nola hazten doan aipatu ekimenerako atxikimenduen zenbatekoa. Termometro horrek erakutsiko du nola joango garen hurbiltzen, erabakitze eskubidearen aldeko bilguneak finkatua duen kopurura, giza-katerako 1.000 herritar biltzera.
1.000 herritar beharko baitira gutxienez, ondoko irudi honetan ikus dezakezuen moduan, gorriz margotuak dauden eremuak (Txara-Atxegalde artekoa eta Aginagakoa) osatzeko. Dagoeneko 275 herritarrek baino gehiagok emana dute izena.
Internet bidezko izen ematea ere zabalik
Gogoan izan, giza-katerako izen emateko epea zabalik dagoela, baita Internet bidezkoa ere. Modu honetan apuntatu nahi duenak, https://gizakatea.gureeskudago.eus atarira sartu behar du, eta bertan dagoen formularioa datu pertsonalekin bete.
Inskripzioa bideratzeko gerturatu bestela, Usurbilgo Gure Esku Dagok astebururo (ostiral iluntzeetan, eta larunbat nahiz igande eguerdi partean) frontoi inguruan jarri ohi duen postura. Ekainaren 10eko hitzordurako izena ematearekin batera, "ekimena finantzatzeko painueloa (5 euro) eta kamiseta berriak (10 euro) erosteko aukera izango da”.
Antolaketa lanetan ere parte hartu daiteke. “Giza-katea ongi atera dadin, lan asko dugu aurretik eta beraz, laguntza oro izango da ongi etorria. Bakoitzak ahal duen neurrian eta moduan, guztiok gara beharrezkoak erabakitze eskubidearen aldeko borrokan. Bere aletxoa jarri nahi duen edozein herritarri ostegunetako bilera irekietara hurbiltzeko gonbita egiten diogu”. Ostegun arratsaldeko biltzen dira 19:00etan Potxoenean.
https://twitter.com/twitter/statuses/983636276267175936
Usurbil eta Aginagatik igaroko da
Eguna: ekainak 10, igandea.
Aldarria: "Eman eskua etorkizunari".
Ibilbidea: Donostiako Kontxatik Gasteizeraino.
Luzeera: 201,9 kilometro.
Oharra: Donostia, Bilbo eta Gasteiz lotuko dituen giza-katea Usurbil eta Aginagatik igaroko da. Usurbilek bi kilometro betetzeko ardura izango du, Txara paretik (Ugaldea industriagunerako sarbide paretik), Kale Nagusia zeharkatu eta Atxegalde auzoa igaro arte, Ucin enpresa pareraino. Kilometro erdi bat Aginagako Kaxkoan. 1.000 herritar baino gehiago beharko dira.
Informazio gehiago: gureeskudago.eus
Deitzailea: Gure Esku Dago.
Prestaketak
-Giza-katerako izen emate mahaia astebururo frontoi inguruan: ostiral arratsaldeetan, larunbat eta igande eguerdietan.
-Usurbilgo Gure Esku Dago lan taldearen bilerak ostegunero 19:00etan Potxoenean.
-Informazio gehiago:
Facebook: Gure Esku Dago Usurbil
Twitter: @GureEskuDagoU