Prestaketa lanak garaiz bideratzen laguntzeko albistea. Apirilaren 25erako antolatu du Usurbilgo Udalak, hurrengo euskarazko irakurketa topaketa 19:00etan Sutegi udal liburutegian. Garaiz jakin dezazuen; Aitziber Etxeberriaren “Nomada” liburua aztertuko da, idazlea saioan bertan dela, Pako Aristik bideratuko duen solasaldian.
"NOMADA"
Hanoi // Vietnam, 2000ko negua.
"Sobietar Batasuneko enbaxadore berriaren etorrerak Nikolay Zaitseven bizimodu lasaia hankaz gora ipini du eta Txotxongilo Antzokiko bere mundu txikitik aterarazi. Hasiera batean pasaportea berritzeko errutinazkoa behar zuen solasaldia, ustekabean denboran luzatzen eta korapilatzen joan den itaunketa sakona bilakatu da, iraganeko heriotza bat argitu nahian.
Intriga, espioitza konplotak eta gudaren oroitzapen oso gertukoak nahasten dituen ezohiko eleberri honetan, informazioa trebeziaz aletzen joango zaigu idazlea, Nikolay Zaitseven moduan, bera ere sekretu guztiak kolpetik ez azaltzeko ahaleginean. Hain zuzen ere, identifikatua eta kontrolatua izatea baita nomadaren egiazko beldurra".
https://youtu.be/yerE8SbLzSU
"Kalean otso, etxean uso" antzezlana
Txotxongiloak protagonista izango dituen bigarren antzezlan bat ere antolatu du 3 urtetik gorakoentzat Usurbilgo Udalak hilabete amaierarako. Patata Tropikala Antzerki Laborategiak eskainiko duena; "Kalean otso, etxean uso" izenekoa. Apirilaren 26an, 18:00etan Sutegin. Sarrera doan. Taldeak "ipuin desberdinak nahastu ditu, bizikidetzaz hitz egiteko. Txotxongiloak, antzerkia, ilusioa eta irudimena nahastu ditu antzezlan dinamiko eta dibertigarria sortzeko".
Informazio gehiago: http://patatatropikala.com/KaleanOtso.html