Abizenak euskalduntzeko kanpaina martxan berriz Buruntzaldeko udalek

Noaua Aldizkaria 2018ko api. 19a, 09:35

Duela urte batzuk martxan jarritako “Apelliduak abizendu” kanpaina berraktibatu dute Buruntzaldeko udaletako euskara batzordeek, tartean Usurbilgoak, eskualdeko bake epaitegiekin elkarlanean. Egitasmo honek, jatorriz euskarazkoak izan baina agiri ofizialetan erdaraz idatziak dituzten abizenak euskalduntzeko aukera ematen zaie herritarrei.

Aldaketa hau tramitatzeko, udaletxean eskuratu beharreko errolda-agiria, eta Bake Epaitegian eskatu beharreko jaiotagiri ofiziala eta nortasun agiriaren fotokopia aurkeztu beharko dira, Bake Epaitegian bertan. “Ezkonduek edo seme-alabak dituztenek Famili Liburua ere eraman behar dute”, Usurbilgo Udaletik ohartarazi dutenez. Argi denez, “oso tramite sinplea da, animatu beraz!”, luzatu dute gonbita Udaletik.  Hainbat herritarrek euskaldundu dituzten euren abizenak. Argibide gehiagorako deitu Bake Epaitegira: 943 372 336.

Lanbide Heziketan ere euskaraz

2018-19 ikasturterako matrikulazio epea maiatza amaieran irekiko denez, Lanbide Heziketan ikasketak burutu asmo dituztenentzat, erdi eta goi mailako zikloetan euskaraz ikasi ahal izateko eskuera duten eskaintzaren berri zabaltzen ari zaizkie Buruntzaldeko udalak, tartean Usurbilgoa, eskualdeko gazteei, baita usurbildarrei ere, eskuorri baten bidez. Xehetasun gehiago, ikaslan.net edo hetel.eus atarietan jaso ditzakezue, edo laster, gai honi buruz argitaratuko dugun erreportajean.