Jexux Artze K.E.-ren eskutik, herrialde ezberdinetako (Euskal Herria, Galiza, Eskozia, Irlanda…) 10 musikari eta abeslariz osaturiko Tosta Bandak apirilaren 25ean 19:30etan Sutegin eskainiko duten entsegu moduko kontzertuaz gozatzeko aukera izango dute usurbildarrek. Emanaldirako gonbidapenak aurrez eskuratu ahalko dira Lizardi liburu dendan. Edo kontzertu egun berean Sutegin.
Emanaldi honekin abiatuko du Jexux Artze Kultur Elkarteak, udaberri parterako antolatu duen ekitaldi zikloa. "Errementari" filma eta "Ez Dok Hiru" antzezlana dakartza aurtengoan:
JEXUX ARTZE K.E.-ren UDABERRIKO EKITALDI ZIKLOA
Apirilak 25, asteazkena
19:30 Tosta Bandaren kontzertu ikuskizunaren entsegu orokorra Sutegiko auditorioan.
Gonbidapenak: aurrez, Lizardi liburu dendan. Edo egun berean, Sutegin.
Zehaztasunak: "TOSTA kontzertu/ikuskizunean TOSTA BANDAko 10 musikari eta abeslarik hartzen dute parte. Hauek guztiek haien kalitate eta beraien kultura eta herrialdeetan erreferente izateagatik izan dira aukeratuak: Euskal Herritik Oreka Tx eta Ixi Jauregi, Eskoziatik Rona Wilkie, Galiziatik Mónica de Nut, Frisiatik Marit Talens, Irlandatik Caoimhín Ó Fearghail, Galesetik Gwilym Bowen Rhys eta Kornuallesetik Bec Applebee. Dantza eta musika Kornualleseko dantzari keltiar baten eta gonbidatu berezi gisa KUKAI Dantza Konpainiako bi dantzarien eskutik uztartzen dira. Haiek guztiek amankomunean dute kultura txikietako kide izatea, hizkuntza gutxituak hitz egitea eta internazional mailan ezagunak diren musika tradizio aberatsak izatea. Lehen aldia da kultura hauetako instrumentu, erritmo, kantu, estilo eta dantzak elkartzen direla modu gaurkotu batean sustrai hauetako kantak ber-asmatu eta ber-interpretatzeko. Kontzertu/ikuskizunaren entsegu orokorraz gozatzeko aukera izango dugu Usurbilen".
https://youtu.be/sEIIKJ2P0Rw
Maiatza 4, ostirala
20:00 “Errementari” pelikula Sutegiko auditoriumean
Iraupena: 96 minutu.
Sarrerak: 5 € Lizardin aldez aurretik eta egun berean leihatilan.
Zehaztasunak: Filma Patxi Errementaria euskal ipuinaren moldaketa da. Joxe Migel Barandiaranek bildu zuen istorioa, eta haren gainean idatzi du gidoia Paul Urkijo zuzendariak, Asier Gerrikaetxeberriarekin elkarlanean.
Hamar urte pasatu dira 1833ko lehenengo gerra Karlistatik. Arabako herrixka batean, Diputazioko komisario bat gertakari bat ikertzen ari da, eta arrastoek basoaren sakonean dagoen errementeria beldurgarri batera daramate. Bertan, errementari arriskutsu eta bakarti bat bizi da: Patxi. Inguruko herritarrek hari buruzko istorio ilunak kontatzen dituzte, lapurreta, hilketa eta demonioekin egindako tratuei buruzkoak. Halako batean, Uxue izeneko neska umezurtz batek Patxi errementeriaren etxean sartzea lortuko du, eta zer misterio ezkutatzen duen aurkituko du.
Istorioari aurpegia eta ahotsa jartzen dioten aktore nagusiak Kandido Uranga, Uma Bracaglia, Eneko Sagardoy, Ramon Agirre eta Itziar Ituño dira.
Maiatza 5, larunbata
20:00 “Ez dok hiru” antzezlana Sutegiko auditoriumean.
Sarrerak: Lizardin 8 € aldez aurretik, 10 € egun berean (leihatilan).
Zehaztasunak: Patxo Telleria eta Mikel Martinez bikoteak beste hiru musikari-aktorekin partekatuko du taula, hitzari, zuzeneko musikaren indarra gehiturik. Zenbat euskal kanta ezagutzen dituzu, zahar edo berri? Kalkulua egin duzu inoiz? Ziur gaude uste duzuna baino askoz gehiago direla. Ikuskizun honetan berrehun baino gehiago agertzen dira (zatiak, noski!) eta denak ez bada gehienak, ezagun egingo zaizkizu. Gure musika ondarea, altxor bat da, gure memoria historikoaren lekuko emozionala. “Ez dok hiru”, kantutegian oinarritutako ikuskizun teatrala da.
Antolatzailea: Jexux Artze Kultur Elkartea.