Erraustegia geratu eta osasuna bermatzea eskatu zuten atzo Gipuzkoako anbulatorioetan

Andoain, Astigarraga, Hernani, Lasarte-Oria, Pasai Antxo, Oiartzun, Donostia, Legazpia, Zarautz, Zumaia, Bergara, Arrasate, Legazpi, Irura, Villabona... eta noski, Usurbil. Herri guztiotako anbulatorio atarietan plazaratu zen atzo, errausketaren aurkako eta gipuzkoarron osasuna bermatua izateko eskaera, Errausketaren Aurkako Mugimenduak osasun etxeen parean deituak zituen elkarretaratzeetan. "650 pertsona baino gehiago batu ziren anbulategi aurreetan osasunaren alde. Azken asteetako albiste kezkagarriak bultzatu dute mobilizazio hau, batez ere CSIC eko ikerlari esanguratsuek ingurumen baimena aztertu eta ikusi eta gero 12 toxiko isurtzea baimendua izango dela inungo kontrol eta mugarik gabe. Oso larri da hau", ohartarazi dute Errausketaren Aurkako Mugimendutik.

Usurbilen, anbulatorio atarian, eta errausketaren zero gunerantz begira mobilizatu ziren hainbat usurbildar. Errausketaren Aurkako Mugimenduak "Osasuna bermatu" aldarripean Gipuzkoako osasun etxeetan gaurko deitutako elkarretaratzeekin bat egin zuen herri honek ere. Eta horixe hain zuzen, herritarron osasuna bermatu ahal izateko Zubietako erraustegiko lanak berehala etetea eskatu zuten.

Usurbilgo elkarretaratzea goiztiarrena izan zen. Osasun etxea irekita zegoen ordutegia baliatu nahi zen elkarretaratze hau egiteko. Gipuzkoako gainerako mobilizazioak arratsaldeko 19:00etatik aurrera egin zituzten. Denak, Usurbilgoaren antzera, herrialdeko anbulatorio atarietan. Errausketaren Aurkako Mugimenduak sare sozialen bidez zabaldu dituzten ondoko irudietan dituzue atzo eginiko elkarretaratzeen argazkiak.

Deitzaileek mobilizazoi hauetan parte hartu zutenei eskerrak helarazi nahi dizkiete. "Gaurkoan anbulategien aurrean ehundaka herritar elkartu gara ko erraustegia gelditu eta gure osasuna bermatua izan dadin eskatzeko. Eskerrik asko denoi!".

DEIALDIRAKO ADIERAZPENA

Azken aldian erraustegien inguruan argitaratu diren albisteak kezka areagotu besterik ez dute egin gizartean. Ez soilik azken aldian, oraindik gogoan dugu Anbereseko erraustegia nola lehertu zen edota Estatu Batutan eta Sardinian kiskali ziren erraustegiak, baita Mexikon eta Japonen duela ez asko, edota Zabalgarbiko “Q” sukarraren isuria. Hauek denak erraustegien ondoan bizitzearen arriskuak agerian utzi zituzten.

Baina batez ere osasunarekin erlazio duten albisteek alarma piztu dute. Berriki CSIC-eko ikerlariek Zubietako erraustegiaren ingurumen baimena aztertu dute eta ikusi dute baimendua dagoela 12 sustantzia toxiko oso larri isurtzea mugagabe eta kontrolik gabe. Gipuzkoarroi hau ezkutatzea oso larria iruditzen zaigu. Berriki ere Parisen epai historiko bat jaso da. Parisko auzitegiak arrazoia eman die Vaux-le-Penileko erraustegiak kaltetutako 165 herritarrei eta zigor gogorrak ezarri dizkio kutsaduraren ardura eduki zuen Meluneko mankomunitateari. Izan ere baimendutakoa baino 1.700 aldiz dioxina gehiago isurtzen zuela aurkitu zuten 1998an egindako ikerketan. 2002an egindako ikerketetan dioxinak legez ezarritakoa baino 2.200 aldiz gehiago eta kutsatzaile organiko oso toxikoak antzeman zituzten.

Marseilan erraustegiaren inguruko elikagaietan dioxinak topatu dituzte. Montpelierretik ere azaldu ziguten nola erraustegi modernoek ere 2000 sustantzia isurtzen dituztela zeintzuk soilik 50 neurtzen direnak. Txosten batek baieztatu zuen ingurukoen gaixotasun larriak horrekin lotura zutela. Pisan (Italia) ere antzeko txosten eta emaitzak, gaixotasun eta heriotzak. Azken honetan erraustegia ixtea erabaki dute. Ezin dugu ahaztu Madrileko Valdemingomezeko inguruko bizilagunen testigantzak, denak norabide berdinean; usai txarrak, minbiziak eta heriotzak.

Gertakari hauak guztiak kontutan hartzea eskatzen dugu, Zubietako obren berehalako geldialdia eta frogatuak dauden alternatiba merke eta osasuntsuen ezarketa. Exijitzen dugu gure osasuna bermatzea eta prebentzio printzipioa ezarri dadila, hala nola, eztabaida publiko eta tekniko bat Eitb-n, ondoren gizarteak erabaki dezan proiektu polemiko honen egokitasunaz.

Apirilaren 18an (asteazkena) elkarretaratzeak egingo ditugu Gipuzkoako anbulategietan, 19:00etan, “Osasuna Bermatu” lemapean. Ez geratu etxean, atera kalera eta adierazi zure kezka.

Erraustegia geratu!

Irudiak: Errausketaren Aurkako Mugimendua.