Kalera Kalera dinamikak euskal preso politikoen eskubideen aldeko manifestazio nazionala deitu du larunbaterako (apirilak 21) Bilbon, “Bada garaia! Presoak kalera. Konponbidea, bakea, askatasuna” aldarripean. 17:30etan abiatuko da Kasillatik. Hara joateko autobus zerbitzua antolatu da Usurbilen. Ohiko tokietan eman ahalko duzue izena aurrez. Autobus zerbitzua 15:15 aldera abiatuko da Oiardo Kiroldegi paretik.
Manifestazioa, gaurko, apirilaren 17ko Preso Politikoen Nazioarteko Egunaren testuinguruan antolatu dute. “Presoak kalera atera behar ditugu, eta hori lortu bitartean ez dugu ahaztu behar presoek premiazko hainbat gai dituztela, konpondu beharrekoak eta lehentasunezkoak. Horiek berehalako erantzuna behar dute”, zioten Kalera Kalera dinamikako ordezkariek manifestazio honen eta egunotarako deitu dituzten ekimenak aurkeztu zituztenean.
Lehen gradua eteteko eskaera
Azken aldian eman diren hainbat aurrerapauso nabarmentzen ditu Kalera Kalerak. Frantziar espetxeetan diren hainbat euskal preso Mont-de-Marsan kartzelara hurbiltzeko Ipar Euskal Herriko herritarren ordezkaritza anitzak izan duen paper erabakigarria nabarmentzen du Kalera Kalerak. “Hego Euskal Herrian urrats mantso baina irmoak egiten ari dira gatazkaren ondorioei konponbideak bilatzeko”, gaineratzen dute. EAE-ko eta Nafarroako parlamentuek erdietsitako akordioak aipatzen dituzte adibide gisa. Premiazko gaietan, sakabanaketarekin amaitu eta preso gaixoak askatzeari dagokionean, adostasun zabala badagoela nabarmentzen dute. Aipatzen dute baita, Ipar Euskal Herriko ordezkaritza zabalak eta Hegoaldeko Foro Sozial Iraunkorra harremanetan direla EPPK-rekin, gainerako eragileekin euskal preso politikoen ikuspuntua landu eta adostasunetara heltzeko.
Aurrera begira, hainbat eskubideren ukatzaile izan edota lege arruntera igarotzea oztopatzen duen lehen gradua bertan behera uzteko eskaerari heldu nahi diote. Hainbat euskal presok errekurritua du lehen gradua. Laburbilduz, hau guztia bultzatzeko deitu dute larunbateko manifestazioa.
Elkarretaratzea
Gogoan izan, astebete barrurako deitua du Usurbilen Nahi Ditugu bilguneak, hileroko euskal presoen eskubideen aldeko elkarretaratzea. Hilabete honetakoa, apirilaren 27rako, ohi bezala, arratsaldeko 20:00etan Mikel Laboa plazan.