Etxean abiatuko du dantzaldien denboraldi berria Ttipika Dantza Gidatuak taldeak. Nola ez, estreinakoz iaz zapaldu zuten plaza berean, Usurbilgoan, eta primeran girotu zuten 6. Dantza Egunaren baitan. Larunbat honetan, Orbeldiko kide gaztetxoen 17:00etan emanaldiaren ostean, Ttipikakoekin dantzara; erromeria gidatua. "Guri fuerte hastea gustatzen zaigu!! Aste honetan, dantzaldien hasiera, baina nolako hasiera!!! Bi dantzaldi! Igandean Lesakan egongo gara! Animatu dantzara!", luzatu dute gonbita Ttipikakoek, sare sozialen bidez.
Urte benetan emankorra izan da igaro dena, taldea osatzen duen boskotearentzat; Aitor Agirre (dantza emanaldiko gidaria), Maitane Arteaga (abeslaria eta pandero jolea), Manex Torrealdai (trikitixa eta kaxa flamenkoa), Aitor Huizi (biolina) eta Josu Furundarenarentzat (kitarra). Euskal Herrian nahiz Katalunian eskaini izan dituzten emanaldiek oso harrera ona izan dutela adierazi zuten, joan den udazkenean NOAUA!ri eskaini zioten elkarrizketan.
Azken urtean eskaini dituzten emanaldiekin batera, gogoan izan, Euskal Herriko Tritikitxa Elkartearen iazko maketa lehiaketan parte hartu eta saritu zutela Ttipika. Haien bi abesti hautatu zituzten, jada urte amaieran ospatu zen Durangoko Azokan eskuragarri jarri zuten CD-rako. “Haziak” izeneko lan horretan, Ttipika Taldekoen bi abesti dituzue entzungai: “Ezinaren eginaz” eta “Iraltz arina”.
Promoziorako bideo grabazioa
Abiatzear duten denboraldi honetarako bestalde, otsailean promoziorako bideoa grabatu zuen Ttipikak herriko dantza zaletuen laguntzaz, Mikel Laboa plazan. Ikus-entzunezko lan hau bere burua ezagutzera emateko baliatuko du Ttipikak.
https://youtu.be/ogWhJ4mxRYo