Udaberriko oporrek asteburuz aldarazi badezakete ere, egun seinalatua dugu jada Usurbilek dantza, dantzari eta zaletuei eskaintzen diena. Aurreko bost edizioetan zehar hazten, errotzen joan eta herritarren artean harrera bikaina izan duen jaialdiaren seigarren edizioa datorkigu larunbatean, egitarau oparo baten bueltan. Lerrook idazteko informazioa biltzen ari ginen unean, Orbeldi D.T.-k apirilaren 21erako antolatu duen 6. Dantza Egunerako astebete pasatxo falta zen. “Urduritasun pixka batekin” aurkitu genituen antolatzaileak. Prestaketa lanekin ziotenez, “goiz hasten gara, baina azkenerako lana pilatzen da”, adierazi zioten NOAUA!ri Orbelditik.
Azken ukituak ematen zebiltzan apirilaren 21eko jaialdiari, entsegu eta entsegu artean. Egitaraua guztiz lotua dute. Euskal Herriko nahiz etxeko taldeek abiatuko dute 6. Dantza Eguna larunbatean. Borobildu berriz, ikusmin eta zirrara handia eragin ohi Orbeldikoen herri ikuskizunak. Hilabeteotan lantzen aritu diren “Euskal genesia” emanaldia estreinatuko dute Orbeldiko kideek larunbat gauean. Eta estreinaldiez ari garela, aurtengo egitarauan bi berrikuntza dituzte, nabarmentzekoen artean; batetik, dantzarien jantziak eta haur zein gaztetxoek izango duten parte hartzea.
Jantzi pertsonalizatuak
Aurtengoan adi begiratu, ez bakarrik ikusiko dituzuen dantza emanaldiei. Baita dantzariek soinean izango dituzten jantzi ederrei ere. Ikasturte honetan inoizko sortze lan prozesu handiena bideratu baitu Orbeldi D.T.-k. Koreografiak lantzeaz gain, dantzari bakoitzak bere arropa ere prestatu du. Oraingoan, dantzariek diseinu lanetan parte hartu dute. Gogotik saiatu dira, NOAUA!ri aipatu diotenez. Larunbat goizero bildu dira arropak lantzera, “larunbatak elkarlanean eta gustura pasa ditugu denon artean”. Antolakuntzak eskuragarri jarritako material ezberdinekin sortu dituzte jantziak. “Originalak izango dira. Bakoitzak berea prestatu du”, iragarri dute.
Belaunaldi arteko loturak sendotzen
Ate joka dugun seigarren edizio honetan bestalde, belaunaldi berriaren parte hartzea sustatu nahi du Orbeldi D.T-k. Arratsalde parterako haur eta gaztetxoen emanaldi propioa berreskuratu dute. Eta gauean, haietako batzuk, DBH4-ko dantzariak hain zuzen, lehen aldiz “Euskal genesia” ikuskizunaren estreinaldian ikusiko ditugu. Modu horretan, belaunaldi arteko lotura sendotu, eta pixkanaka, aurpegi berriei tartea eman nahi die Orbeldik dantzari eskainitako egun handi honetan. Non hobekiago, guztion plazan baino.
“Lehen asko elkar ezagutzen baginen, orain are gehiago”
10 bat urte edo izango zituzten Usurbilgo 2013ko lehen Dantza Eguneko “Sorginetxe” izeneko ikuskizunaz gozatu ahal izan zutenetik. Ordutik, publiko gisa bizi izan dute usurbildar gehien biltzen duen sortze lan handi hau. Seigarren edizio honetan, oholtza gainera igoko dira lehen aldiz. Haien txanda da.
Urduri, baina era berean ilusio handiz eta gogotsu dira 6. Dantza Egun honetarako. Estreinakoz parte hartuko dute Dantza Eguneko gaueko herri ikuskizunean Orbeldiren DBH4ko dantzari taldeak. “Urtero asko gozatu dugu ikusten, askotan inbidiaz ere bai. Aurten parte hartzeko aukera eman digute eta gogoa bada, urduritasuna ere bai. Asko entseatu dugu, eta dena ondo ateratzea espero dugu. Erronka bezala hartu dugu eta hori gainditzera eta gozatzera goaz”, adierazi diete 15-16 urteko ikasleok NOAUA!ri.
Dantzariok gaueko ikuskizunean izango duten parte hartzea zerotik diseinatu ahal izan dutela esan daiteke. “Euskal genesia” Dantza Eguneko emanaldian aritzeko gonbita jaso zutenetik, plazaratu beharreko koreografia ontzen, fintzen, moldatzen joan dira hilabeteotan irakasleekin. “Hasieran ez genuen batere argi eta pixkanaka sortzen joan gara. Hori izan da erronka handiena. Dena pentsatzea, guretzat lanketa handia izan da. Dantza guk sortu dugu, gure eta irakasleen artean”.
Lanketa handia izan da bai, baina esperientzia aberasgarria baita. “Azkenean dantza guk pentsatu, egin eta aldatuta, gure egin dugu. Hartara, konfiantza gehiagorekin ateratzen zara plazara. Jada badakizu gustuko duzun zerbait egiten ari zarela. Dantza egitea gauza handia bada, pentsa jada dantza guk sortzea”, diote DBH4-ko dantzariek.
Taldea sendotzeko lagungarria
Dantzaz soilik ez, gainerako Orbeldi kideen antzera, emanaldirako jantziez ere arduratu dira. “Oinarri bat eman ziguten eta hortik bakoitzak nahi duena sortu du. Helburua, bakoitzak bere sormena eta nortasuna erakustea zen. Material eta kolore asko jarri digute eskuragarri, orduan ez da hain zaila izan”, adierazi digute DBH4-ko dantzariek.
Dantza taldeko jostunen eta gainerako talde kideen laguntza jaso eta bide batez, belaunaldi arteko harremanetan sakondu ahal izan dute. Elkarlanean aritu baitira hilabeteotan. “Trajeak egiteko elkartzen ginen gelan denok. Gela batean egotean trajeak sortzen, harreman berriak sortzea eragiten du”, diote. Entseguetan bezala, giro ederra izan dute.
Eginikoa plazaratzear duten honetan, hau guztia larunbatean oholtza gainera eramatea ere ederra iruditzen zaie. DBH4koei, hilabeteotako prozesuak taldea sendotzen lagundu die. “Talde bezala ere elkarrekin eztabaidatzen ikasi dugu. Azkenean, gure artean konfiantza sortzen lagundu du. Gure arteko hartuemana hobetu edo konfiantza handitu da. Konfiantza horrek dantzatzeko garaian urduritasuna gutxitu edo kentzen dizu, seguruago sentitzen zara. Denok elkarren artean laguntzen gara. Lehen asko elkar ezagutzen baginen, orain are gehiago”, goraipatzen dute gazteok.
Hitzordu bikoitza izango dute Dantza Egunean. Gaueko ikuskizunaren aurretik, Orbeldi D.T.-k arratsalde parterako berreskuratu duen haur eta gazteen saioan ere parte hartuko baitute. “Herri mailan egiten den lana herri osoari erakusteko aukera ederra” dira halako saioak, euren ustez. Herri giroa sortzeko baita, nabarmentzen dutenez. Arratsaldeko emanaldiaren ostean, denontzako erromeria izango da segidan. “Dantza eguna ez da bakarrik Orbeldiko dantzariontzat. Erromeriarekin jendea anima dadila eta dantza dezala. Ez dezatela parte hartzeko lotsarik izan, denak ongi etorriak izango dira”. Eta gehiagorako gogoz geratzen dena, Orbeldin izena ematera animatzen dute.
Etapa berrian, dantza lotune
Pixkanaka ikasturte amaierara heltzen ari dira. Ekainean elkar agurtu beharrean aurkituko dira. DBH4 amaituko baitute, eta honenbestez, badoaz Udarregi Ikastolatik. Bakoitzak bere bideari ekingo dio. Baina ez dute dantza utzi nahi. Uda partean jaietan eskaini izan dituzten emanaldien ondotik, udazkenetik aurrera hain zuzen, Orbeldi haien bilgunea izaten segitzea nahi lukete. “Dantzan elkartuta segiko dugu. Bakoitzak bide desberdina hartu arren, dantza taldean berriz denok batera egoteko aukera on bat izango da”. Dantzak talde kide hauen arteko lotunea izaten segiko du. Ez dute urteotan ikasitakoa, dantzak eman diena alboratu nahi.