Usurbilgo Udaleko alkate Xabier Arregik iragarri du albistea Twitter bidez, ostiral honetan. "San Marko Mankomunitateko 2016ko aurrekontuak baliogabetu egin ditu sententzia irmoz Justizia Auzitegi Nagusiak, Hernaniko Udalari, Oiartzungo Udalari eta Usurbilgo Udalari arrazoia emanda".
Epaia irmoa dela nabarmentzen du alkateak bere Twitter kontuko txioan, eta aipatu moduan, Usurbil, Hernani eta Oiartzungo udalei arrazoia ematen diela. 2016ko apirileko osoko bilkuran erabaki zuen udalbatzak 2016ko aurrekontuak auzitara eramatea. "Bidegabea da" zioen saio hartan alkateak. Bidegabetzat jotzen zuen udal gobernu taldeak, baliatzen ez dituen zerbitzuengatik ere ordaindu beharra izatea.
2014koak ere baliogabetuak
2016koekin batera, gogoan izan, EAEko Auzitegi Nagusiak adierazitakoa berretsi zuela joan den azaroan Espainiako Auzitegi Gorenak: 2014ko San Marko Mankomunitatearen aurrekontuak baliogabetu zituen. Honenbestez, aurrekontuon aurka Astigarraga, Hernani, Lezo, Oiartzun, Pasaia eta Usurbilgo Udalek jarritako helegiteari arrazoia eman zien Espainiako Auzitegi Gorenak. “Mankomunitatearen irizpideak nabarmen kaltetzen zituztelako eta oraindik ere kaltetzen dituztelako”.
Hain zuzen, atez ateko bilketa abian zuten udalerriek, bilketa honen gastuez gain, edukiontzien sistema baliatzen zuten Mankomunitateko gainerako herrien (Donostia, Lasarte, Orereta...) gastuei ere aurre egin beharrean aurkitu izan dira, “gure tarifa nabarmen zamatuz eta kaltetuz”, zioten Usurbil, Hernani eta Oiartzungo udal ordezkariek 2017ko azaroan egin zuten agerraldian.
Zegokiena baino gehiago ordaindu behar izan dute udalerriok: Pasaiak 93.000 euro gehiago, Oiartzunek 60.000 euro gehiago, Lezok 35.000 euro gehiago, Astigarragak 30.000 euro gehiago eta Usurbilek 3.000 euro gehiago.
2014ko eta 2016ko aurrekontuekin egin bezala, 2015koak eta 2017koak San Markoren aurrekontuak ere errekurrituak dituzte.