Dantza Eguna, bete-betean

Noaua Aldizkaria 2018ko api. 21a, 13:55

Giro ederrean abiatu da VI. Dantza Eguna. Goizeko 11:00ak aldera, eguzkia lagun, argazki ofiziala atera dute Udaletxe aurrean. Aurten, bost izan dira Orbeldi Dantza Taldeak antolatu duen ospakizunera batu diren taldeak: Hendaiako Akelarre, Beasaingo Aurtzaka, Iruñeko Ortzadar, Larrabetzuko Bizkargi eta, nola ez, Usurbilgo Orbeldi bera.

Goiz partean kalejiran ibili dira. Olanoenean egin dute lehen geldialdia eta bertan erakustaldi bana eskaini dute Orbeldi zein Akelarreko dantzariek. Kale Nagusitik behera jarraitu dute eta Zubiaurreneko plazatxoan egin dute bigarren geldialdia. Ortzadar eta Aurtzaka taldekoen txanda izan da. Ikusleen gora eta biba gehien eragin dituena, ordea, Orbeldi Dantza Taldeko beteranoen saioa izan da.

Artzabalen egin dute hirugarren erakustaldi bat eta frontoian amaitu da kalejira. Bertan talde guztiak aritu dira dantzan. Saio hauen ondoren, antolatzaileen oroigarri bana jaso dute Usurbilera etorri diren taldeek.

 

Arratsaldean, gazteen txanda

Bazkalostean, Orbeldi Dantza Taldeko gaztetxoen txanda izango da. 17:00etan hasiko dira eta hauek ere frontoian egingo dute dantza. Eta jarraian, Ttipikakoen dantzaldi gidatuaz gozatzeko aukera egongo da. Gauez ere egongo da ikuskizunik. Orbeldikoek 'Euskal genesia' izeneko emanaldia eskainiko dute frontoian. Azken hilabeteotan, mimo handiz prestatu duten saioa 22:30ean hasiko da.