Astelehenero egin ohi duten moduan, Euskal Herriko hainbat txokotan pentsio duinen alde mobilizatuko dira milaka herritar. Usurbildik gertuen, Donostian, astero moduan, eguerdiko 12:00etan hiriburuko udaletxe atarian, Alderdi Ederren, Espainiako Gobernuak planteaturiko %0,25eko igoeraren aurka. Duintasunez bizi ahal izatea eskatzen dute, Europako Karta Sozialak finkatua duen gutxieneko 1.080 euroko pentsioa bermatua egotea. Hainbat usurbildar dira protesta ekimenotan parte hartzen ari direnak.
"Pentsioak ez dira bakarrik adineko pertsonen arazoa, gure arazo handienetako bat da", dio Gipuzkoako Jubilatu eta Pentsiodunak biltzen dituen Duintasuna Elkarteak, NOAUA!ra berriki idatzi zuen ondoko idatzian. Pentsioen alde manifestatzera deitzen dute. Maiatzaren 5erako eta 26rako bi manifestazio deitu dituzte Hego Euskal Herriko pentsiodun eta jubilatuen elkarteek lau hiriburuetan.
Manifestatu zaitez, ez diezazutela pentsioa lapurtu
Kezkatzeko moduko egoeren aurrean gaude, eta kontua da etxe askotan gorriak ikusten ari garela hilabete amaierara iristeko edo zailtasun handiz egiten dugu.
Pobretutako klase sozial baten kide gara, bihotzik gabeko sistema kapitalista honek indartzen dituen soldata baxuen, lan prekarietatearen, pentsio ziztrinen eta ikaragarrizko ezberdintasunen ondorioz.
EAEn 544.000 pertsona gara pentsiodunak, eta horietatik emakumeak gara pentsiorik baxuenak ditugunak. 15.000 pentsiodunek DBEa (RGI) jasotzen dute, 10 pentsiodunetik hiruk 600 euro baino gehiago kobratzen dute eta hemen ere gehienak %77 emakumeak gara. Errealitate gordin horren parte garenok ez dugu onartuko Madrilgo eta Gasteizko gobernuko politikariek beste alde batera begiratuz miseria gorrian bakarrik utz gaitzaten, lehenik izozketa baten bidez eta gero miseria bat den %0,25eko igoera ziztrin batekin. Gure eros ahalmena berreskuratu beharra dugu, azken urteetan KPIa ez igotzeagatik galdu dugun guztia berreskuratu beharra dago.
Lanean aritu ginen, atsedenik gabe eta duintasunez bizi nahi ditugu gure bizitzen azken urteak. Gaur egun, zoritxarrez, boterean dauden ekonomia gobernatzen duten politikariei ez zaie askorik inporta zein egoeretan gauden pentsiodun asko. Baina, hori bai, asko inporta zaie aberatsei laguntzea eta mesedeak egitea, zerga gutxiago ordaindu eta beren soldata itzelak eta neurriz kanpoko pentsioak manten ditzaten.
2016ko irailaren 21ean Eusko Legebiltzarrean 71.724 sinadura aurkeztu genituen, 1.080 euroko gutxieneko pentsioa izateko eskubidearen alde eta Euskadin Pentsio eta Gizarte Segurantza Sistema Propioa eskatzeko. Eusko Jaurlaritzak beste aldera begiratu du, alde batera utzi gaitu. Dena den, 71.724 sinatzaileak pertsonak gara eta uste dugu gure eskubideen alde egiten dugula eta ez gara nekatuko errepikatzen, aintzakotzat hartzen gaituzten arte, gure bizitzak eta osasunak haien etekinak baino askoz gehiago balio dutela.
Pentsioak ez dira bakarrik adineko pertsonen arazoa, gure arazo handienetako bat da.
Duintasuna Elkartea, Gipuzkoako Jubilatu eta Pentsiodunak.