Ugartondoko etxebizitza berriak eraiki ahal izateko egungo eraikinak (Ugarte baserria izan ezik) eraisten hasi ziren aurreko astean. Astelehen honetan, garai batean Alkartasuna Kooperatibaren egoitza izandakoa, gerora Usurbilgo Gaztetxekoen bilgune ohia, botatzeko lanak abiatu dituzte. Otsailaz geroztik hesitua zuten ingurunea.
Gogoan izan, Ugarte baserriaren bueltan eraikiko dituztela, joan den urtarrilaren 25ean, Usurbilgo Udalak Oiardo Kiroldegian zozketatu zituen babes ofizialeko 46 etxebizitza eta 46 etxebizitza tasatu.
2011ko udan Atallun duten egoitza berria ireki arte, urteak eman zituen Alkartasuna Kooperatibak Ugartondon. Zehazkiago esanda, 2001. urtetik. Gerora hutsik geratu zen eraikina, garai hartako Usurbilgo gazteek hartu zuen 2012ko abuztuan. Hainbat dinamika bideratu zituzten hurrengo urteetan; tailerrak, kontzertu gauak, afari beganoak.