Ainhoa Intxaurrandietaren eta Iñaki Errazkinen epaiketa hizpide, udalbatzaren gaurko osoko bilkuran

Noaua Aldizkaria 2018ko api. 24a, 12:00

Urte luzez, milaka gipuzkoarren mandatuari bidea emateagatik, 2013ko azaroan Zubietako erraustegiko lanak eteteagatik epaitu zituzten apirilaren 12an Madrilgo Kontu Auzitegian, garai hartako Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioko lehendakari Ainhoa Intxaurrandieta eta foru ingurumen diputatu ohi Iñaki Errazkin. Hainbat erreakzio eragin zituen epaiketak, kalean nahiz sare sozialetan. Ugariak izan dira asteotan, Intxaurrandietak eta Errazkinek jasotako babes eta elkartasun mezuak, besteak beste, epaiketa egunez, Gipuzkoako herrietan (tartean Usurbilen) egin ziren hainbat protesta ekimenen bidez.

Udalbatzak astearte honetan (apirilak 24) egingo duen osoko ohiko bilkurara eramango du gai hau Usurbilgo EHBilduk, mozio moduan. Albiste honi atxikia duzue testua bere osotasunean. Hiru puntu ditu testuak. Lehenengoan, Ainhoa Intxaurrandieta eta Iñaki Errazkini babesa adierazi eta haien absoluzioa galdegiten du. Bigarrenik erraustegia bertan behera uztea eskatzen dio Aldundiari, "hondakinak kudeatzeko beste modu iraunkorragoen alde egiteko". Azkenik, "Usurbilgo Udalbatzak politika eta herritarrei emandako hitza betetzeko hartutako erabakien zilegitasuna aldarrikatzen du".

Horrez gain, Hurrengo urterako, 2019rako jai eguna izendatuko dute. Eta ingurumen gaiei ere helduko diete. Batetik, Garbitania Zero Zabor SM-ren objetu soziala handitu eta helbide soziala aldatzeko proposamenaz ariko dira. 

UDALBATZAREN OSOKO OHIKO BILKURA

Eguna: apirilak 24, asteartea.

Ordua: 18:00.

Tokia: Usurbilgo Udaleko udalbatza aretoa.

Deitzailea: Usurbilgo Udala.

Gai zerrenda:

1.- Aurreko bilkuretako akten onespena: * 2018/02/27ko bilkura.

* 2018/03/05eko bilkura.

2.- Alkatetzako dekretu hauen berri ematea: 2018ko martxoaren 12tik apirilaren 13ra (2018/0222-2018/0343).

3.- 2018ko martxoaren 27ko 2018/0294 dekretuaren berri ematea.

4.- VAMB-en aurkako zigor espedientea, zakurraren erasoa eta eragindako lesioengatik.

5.- MPG-ren aurkako zigor espedientea, zakur arriskutsuarekin arau haustea.

6.- 2019 urterako herriko jaieguna izendatzea.

7.- Garbitania Zero Zabor SM-ren objetu soziala handitu eta helbide soziala aldatzeko proposamena.

8.- Mozioa: Iñaki Errazkin eta Ainhoa Intxaurrandietaren epaiketa.

9.- Galdera-eskaerak.