"Bigarren aldiz ere arrazoia eman digute. Zuzen genbiltzan"

Noaua Aldizkaria 2018ko api. 24a, 15:27

"Bigarren aldiz ere arrazoia eman digute. Zuzen genbiltzan". Hitzokin hasi dute Usurbil, Hernani eta Oiartzungo Udaletako ordezkariek astearte goiz honetan, San Marko Mankomunitateak Donostian duen egoitzan egin duten agerraldia. Ostiralean jakin zutenez, EAE-ko Auzitegi Nagusiak aipatu mankomunitatearen 2016ko aurrekontuak baliogabetu zituen eta honenbestez, arrazoia eman die udalok aurkeztutako helegiteei. Ez da lehen aldia. Iazko azaroan egin zuten agerraldian berri eman zutenez, Espainiako Auzitegi Gorenak 2014ko aurrekontuak ere baliogabetu zituen.

2014, 2015 eta 2016ko aurrekontuak errekurritu zituzten auzitegietan udalok, dagokiena baino gehiago ordaindu beharrean aurkitu direlako udalerriok. Baliatzen ez zituzten zerbitzuengatik ere ordaindu behar izan dutela salatu dute urteotan. Aipatu moduan, auzitegiek jada bitan eman diete arrazoia. Bigarrenez, egunotan. 2016ko aurrekontuei jarritako helegiteari arrazoia eman die EAE-ko Auzitegi Nagusiak Usurbil, Hernani eta Oiartzungo Udalei. Epai hau baloratzeko egin dute gaurko agerraldia. "Epaia argia da, 2016ko aurrekontuak baliogabetu egin ditu eta San Marko Mankomunitatea behartzen du auzibideak eragin dituen kostuak ordaintzera", berri eman du Hernaniko alkate Luis Intxauspek. 

Birziklatzea, zigortua

Aurrekontuok helburu argi bat zuten, udalerrion esanetan. Gaikako bilketa egoki egiten ez duten herriak kaltetu ez eta "hondakinen bilketa eraginkorrak martxan zituzten herriak eta herritarrak zigortzea. Zigortu egiten da hondakinen kudeaketa jasangarria eta ekonomia zirkularraren aldeko hautua", zioen gaurko agerraldian, Oiartzungo udaleko ordezkari Eneritz Arbelaitzek. Hondakinen kudeaketa jasangarria sustatzeko, justu alderantzizkoa bultzatu behar dela zioen. "Ezinbestekoa da ondo egiten ari direnak saritzea eta gaizki egiten ari direnak zigortzea". Saritu ala zigortu, baita ekonomikoki ere.

Praktika onak saritu eta txarrak zamatzeko irizpideak gidatu behar ditu edozein erakunderen aurrekontuak, hiru udalon esanetan. Ez urteotan gertatu den moduan. 2009az geroztik hainbat herri hasi ziren gaikako bilketa sistema eraginkorrak martxan jartzen, tartean, gaurko agerraldian parte hartu duten hiru udalerriak. Aldiz, "Udalak Mankomunitateari egin beharreko ekarpena ordea ez zen egokitu errealitate horretara". Eta hortik, urteotan auzibidera jotzeko erabakiak. "Aurrekontuak epaitegietara eraman behar izan genituen. EAJ eta PSE-ko ordezkariek berriz ere entzungor egin zietelako sistema justuago bat martxan jartzeari".

"Gipuzkoan, beste inon baino garestiagoa da birziklatzea"

Eskandalagarritzat eta oso bidegabetzat jotzen dituzte udalok ordaindu behar dituzten tarifak eta tarifok kalkulatzeko modua, errefusaren tarifari lotuta egiten baita. "Gaikako bilketaren ehunekoak askoz altuagoak izanda ere, organikoaren eta errefusaren tratamendu tarifak San Markoko ehunekoaren arabera kalkulatzen ditu GHK-k", zioen Usurbilgo alkate Xabier Arregik. Eta ildo horretatik zioen, herriok ez direla ordezkatuak sentitzen Mankomunitatean. "Horrek ez du inondik ere errespetatzen Europatik eskatzen dena eta kalte egiten dio nabarmen hondakinen hierarkiari, eta beraz, etxeko lanak ondo egiten dituzten herriei", nabarmendu du Arregik. Gai honen inguruan, mankomunitateko batzarrean eginiko proposamena bozkatzea ukatu zitzaiela salatu dute.

Laburbilduz zioten, "Gipuzkoan, beste inon baino garestiagoa da birziklatzea". Horren erakusgarri, plazaratu dituzten zenbait datu: 

Zenbakitan

-San Marko Mankomunitateko gaikako bilketa (2017): %46,9. Gaikako bilketa sistema eraginkorrak dituzten herriak: %80tik gora.

-Organikoa tratatzeko San Marko Mankomunitatean ordaindu beharreko tarifa: 138 euro, tonako. Euskal Herriko gainerako herrialdeetan: 31-33 euro tonako.

Bidezko tarifen alde urratsak emateko deia

Jaso dituzten aldeko bi epaiak garrantzitsuak diren arren, bada oraindik zeregina hiru udalon esanetan, "bide luzea dago egiteko hondakinen kudeaketaren tarifazio sistema bidezko bat lortzeko". Baina urratsak ematen hasi beharra dagoela ohartarazten dute, "bene benetan sinisten badugu, birziklatzea eta hondakinen hierarkiak errespetatu behar direla".

Europako Parlamentuak ere berriki, norabide horretan, hondakinen kudeaketa jasangarriaren eta ekonomia zirkularraren alde hartu dituen hainbat erabaki, laster arau bilakatu asmo dituztenak, ekarri dituzte gogora. "Hondakinen hierarkia errespetatuko duten tarifak eta finantziazio sistemak aplikatzea" eskatzen ari direla diote:

-2025erako hondakinen %55 birziklatu beharko dira. 2035erako hondakinen %65.

-2035erako, gehienez hondakinen %10 isuri ahalko da zabortegietara.

Irizpide aldaketa

Azken urteetako San Marko Mankomunitatearen aurrekontuak epaitegietan errekurrituak dituzte. 2018koetan aldaketaren bat baino ez dela egin dioten arren, auzitegitara jotzea baztertu dute Usurbil, Hernani eta Oiartzungo udalek, "gure elkarlanerako prestasuna erakusteagatik. Halere, San Marko Mankomunitatearen aldetik, gardentasuna, zintzotasuna eta gure herriekiko eta herritarrekiko errespetua espero dugu".

Iazko azaroan epaitegiek baliogabetutako 2014ko aurrekontuen epaia gauzatzeari dagokionean aurreratu dutenez, "San Markok kalkuluak aurkezten dizkigunean baloratuko dugu justuak diren ala ez". Hondakinen tarifikazioan irizpide aldaketa bat galdegin dute. Batetik, "jasotako zerbitzuaren arabera ordaintzea". Eta honekin atera, "sortzez besteko filosofia ere aplikatu behar da nahitaez".