Usurbilgo Udaleko udalbatzak Ainhoa Intxaurrandietaren eta Iñaki Errazkinen absoluzioa galdegiten duen mozioa onartu zuen astearte arratsaldean egin zuten osoko ohiko bilkuran. Mozioa EHBilduk aurkeztu zuen eta gehiengo osoz onartu zen, koalizioko ordezkarien babesarekin soilik. PSE eta EAJ-ren ordezkariek aurka bozkatu zuten. Gogoan izan, apirilaren 12an epaitu zituzten Intxaurrandieta eta Errazkin Madrilgo Kontu Auzitegian, milaka gipuzkoarrek urte luzez eskatutakoa betetzeagatik; Zubietako erraustegiko lanak akordio bidez geratzeagatik hain zuzen. "46 milioi eurorainoko zigorrak jar diezazkiete bi auzipetuei. Kopuru horren barruan kalkulatzen dute enpresa-eraikitzaileei ordaindu zitzaizkien kalte-ordainak, eta, EAJk eta PSEk bankuekin sinatutako swap-en ondorioz, orain arte ordaindu den dirutza" dio mozioak.
Aipatu moduan dirutza horri beren poltsikoetatik egitera zigortu ditzakete Intxaurrandieta eta Errazkin, "jakinda dirutza hori ordaintzea ezinezkoa dela. Eskatutako zigorra ezartzen badiete, bizi osorako zigorra ezarriko diete: gutxieneko soldata besterik ezingo dute jaso, eta ondasun guztiak bahituta edukiko dituzte, isuna pagatu arte".
Hiru eskaerok biltzen ditu asteartean onartutako mozioak:
1-Usurbilgo udalbatzak Iñaki Errazkini eta Ainhoa Intxaurrandietari elkartasuna eta babesa adierazten dio, epaiketa erabat injustua izan dutelako. Absoluzioa beste aukerarik ez dugu onartzen.
2-Usurbilgo udalbatzak Gipuzkoako Diputazioari eskatzen dio gaur egun Zubietan eraikitzen ari den errauste-planta bertan behera uzteko, eta hondakinak kudeatzeko beste modu iraunkorragoen alde egiteko.
3-Usurbilgo udalbatzak politika eta herritarrei emandako hitza betetzeko hartutako erabakien zilegitasuna aldarrikatzen du.
"Legea urratu zen"
Gaiak zeresana eman zien udal taldeei. Mozioa onartu aurretik, EAJ-k aurka bozkatuko zuela iragartzeko adierazpen bat irakurri zuen. Bertan, gai honetan bi plano bereizteko beharra azpimarratzen zuten jeltzaleek; plano legala eta zilegitasun demokratikoarena. 2013an Zubietako erraustegiko lanak eteteko hartutako erabakiarekin, "legea urratu zen", zioen Josune Urkolak. Eta apirilaren 12an Madrilgo Kontu Auzitegian epaitu zituzten Ainhoa Intxaurrandieta eta Iñaki Errazkin bere garaian legea urratzen ari zirela ohartaraziak izan zirela. Halere auzi honetan, epaileak izango zuela azken hitza gaineratu zuen.
Zilegitasun demokratikoari dagokionez, EAJ-tik zioten, Bildu 2011n Aldundia gobernatzera heldu zenean bere proiektua inposatu zuela, nahiz Zubietako erraustegia eraikitzeko egitasmoak Gipuzkoako Batzar Nagusien gehiengoa izan. Argi zioten, gauza bat hauteskundeak irabaztea da, "bestea gehiengoa izatea".
Bilduko ordezkariak ohartaraziak izan zirela dio PSE-k
Ildo beretik mintzatu zen PSE-ren ordezkaria ere. 2013an erraustegiko ("balorizazio planta" deitzen zion ordezkari politiko sozialistak) lanak geratuta, Batzar Nagusietan eginiko ohartarazpenak ez zituztela errespetatu zioen Fermin Oruek, Madrilen epaitu berri dituzten garai hartako GHK-ko lehendakari eta foru ingurumen diputatu zirenek. Indarrean zen araudia ez errespetatzearekin batera, erreusa tratatzeko azpiegitura gabe geratu zela ondorioz, Gipuzkoa. Alternatibarik gabe, eta banketxeekin hitzartuak zeuden SWAP-ak ordaindu beharrean aurkitu zela herrialde hau.
Eta testuinguru horretan, orduko GHK-k, Foru Aldundiak eta enpresa eraikitzaileek erdietsitako akordioa balio gabekotzat jo eta errekurritu zutela EAJ-k eta PSE-k.
"Eskerrak kontratu hori etetea erabaki zutela"
Adierazpenon aurrean, EHBilduk Ainhoa Intxaurrandieta, Iñaki Errazkin eta talde kideen lana defendatu zuten. "Eskerrak kontratu hori etetea erabaki zutela", zioen Xabier Arregi alkateak. Bere esanetan, lanak eteteko erabaki horri esker, gaindimentsionaturiko erraustegia eraikitzea saihestu baitzuten. Erabaki erabat zentzuzkoa izan zela zioten udal gobernu taldetik.
Halere, gogoan izan, 2013an Zubietako erraustegiko lanen eteteak izandako eragin ekonomikoa bere poltsikotik ordaintzea galdegiten zaie Intxaurrandietari eta Errazkini. Tartean, SWAP direlako finantza produktuek eragiten segitzen duten gastuak. 40 milioi eurotik gora guztira. SWAP hauen kontratazioarekin jazotakoa oroitarazi zuen atzo alkateak. "Noiz izenpetu ziren SWAP-ak? Bilduk hauteskundeetan gehiengoa lortu ostean". Maiatzean ospatu ziren 2011ko udal eta foru hauteskundeak. SWAP hauek ekainean hitzartu zituzten, aurreko legegintzaldiko agintariek. "Hori bai da zilegitasun demokratiko eza, iruzurra eta tranpa egitea gipuzkoarrei", zioen Arregik.
Batzar Nagusiena ez, kontratu etetea GHK-ren eskumena
Hainbat argibide ere eman nahi izan zituen; batetik, Gipuzkoako Hiri Hondakinen Kudeaketarako Plan Integralak (erdarazko "PIGRUG") azpiegitura asko planteatzen dituela, tartean egun Zubietan eraikitzen ari diren planta, "baina ez du esaten erraustegia egin behar denik". Eta plan hori noiz eta nola garatu, Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioaren (GHK) ardura dela oroitarazi zuen. Bere garaian Zubietako erraustegia eraikitzeko kontratu hori GHK-k sinatu eta gauzatzea erabaki bezala, kontratu bera "atzera botatzea ere bere (GHK-ren) eskumena da" argitu zuen alkateak, 2013an Bilduko ordezkariek Zubietako erraustegia geratzeko hartutako erabakiari babesa agertuz.
Are gehiago, Alaitz Aizpurua zinegotziak gaineratzen zuenez, aipatu planak hondakinak kudeatzeko hierarkia zehazten du. Lehenik hondakinak murriztu, berrerabili eta birziklatu behar direla dio, eta hori guztia eginda, bukaeran geratzen den zati birziklaezina, erreusa tratatu behar dela. Zubietako erraustegia planteatu zutenek, gauzak atzetik aurrera egin zituela nabarmendu zuen.
Ildo beretik erantzun zion alkateak EAJ-k esandakoei, alegia, erraustegia geratuta Ezker Abertzaleak bere proiektua inposatu zuela zioten jeltzaleen hitzei. "Gaur egun, murrizketa eta birziklatzea inposaketa eta demokratikoki onartutakoa erraustegia dela esatea ulertezina da", zioen Usurbilgo alkateak.