2019an ere uztailaren 2a izango da Usurbilgo jai eguna

Noaua Aldizkaria 2018ko api. 25a, 11:00

Salbuespen moduan, iaz ekainaren 30a izendatu zuen Udalak Usurbilgo jai egun gisa, ohikoa, uztailaren 2a, jaietako egun handia, igandez egokitu baitzen. Aurten, astelehenez egokituko da aipatu uztailaren bigarren eguna, eta horixe, gorriz seinalatu beharko dugu, jai eguna izango baita. Baita 2019. urtean ere. Usurbilgo Udaleko udalbatzak astearte arratsaldean eginiko osoko ohiko bilkuran, hurrengo urtean ere uztailaren 2a (urtebete barru, asteartez egokituko da) Usurbilgo jai eguna izendatzea erabaki zuen aho batez.

Jai egun hau izendatzeko eskaera, urtero moduan Eusko Jaurlaritzatik jaso du Usurbilgo Udalak. Bai Usurbilgoak, baita EAE-ko gainerako udalek ere. Horregatik, udal gobernu taldeak plenora eramandako bi puntuko proposamen honetan, "erabaki honen berri Gipuzkoako Lan, Enplegu eta Gizarte Politiketako Lurralde Ordezkaritzari" emango dio Udalak.

Usurbilgo jai eguna uztailaren 2a izango da 2019an, Gipuzkoakoa uztailaren 31.