Urte hasieran zendutako sortzaile usurbildarra omendu zuten astearte arratsaldean, Donostiako San Telmo Museoan. Hainbat senide, lagun eta erakundeetako ordezkari bertaratu ziren hitzordura. Txalaparta, poesia, musika, dantza uztartu zituen museoak berak eta Donostiako Udalak antolaturiko ikuskizunak. Emanaldia streaming bidez zuzenean jarraitzeko aukera egon zen. Albiste honi atxikitako bideoan duzue, Museoak eginiko ikuskizuneko grabazioa osorik. Ikuskizuna, elkarlan honi esker plazaratu zuten:
Errezitatzaileak: Ramon Agirre, Miren Aranburu.
Dantza: Malandain Ballet Biarritz: Gaël Domenger, koreografoa eta dantza; Aureline Guillot, dantza; Mizel Théret, koreografoa eta dantza.
Musikariak eta abeslariak: Maddi Oihenart: ahotsa; Mixel Arotze, ahotsa; Mixel Etxekopar, ahotsa, txirula; Beñat Axiary, ahotsa; Julen Axiary, ahotsa; Pedro Soler, gitarra.
Ainhoa Zubillaga, mezzosopranoa; Loreto Fdez. Imaz, organoa; Sorkunde Idigoras, viola da gamba.
Abesbatza: Ensemble Vocal Donostia.
Txalaparta: Zuaznabartarrak.
Proiekzioak: Morgancrea.
Zuzendaritza: Alberto Lizarralde, Asun Lasarte, Carlos Rodríguez.
Gogoan izan, San Telmo Museoak Artze zendu eta berehala iragarri zuela sare sozialen bidez, “Ikimilikiliklik, J.A. Artzeren unibertsoa” erakusketa antolatuko zutela bigarrenez. Eta erakusketa honen testuinguruan omendu egingo zutela.
Artzeren unibertsoa, San Telmon ikusgai
2016ko ekainean Potxoenean izan genuen “Ikimilikiliklik, J.A. Artzeren unibertsoa” erakusketa maiatzaren 20ra arte bisitatu ahalko duzue Donostiako San Telmo museoko Laborategian. Ordutegi honetan zabalduko dute, irudi, musika eta soinu mundu baten bidez, Artzeren 40 urte baino gehiagoan zehar garatutako lan poetikoan murgiltzea ahalbidetzen duen erakusketa: 10:00-20:00 artean, asteartetik igandera. Sarrera doakoa izango da. Informazio gehiago: santelmomuseoa.eus
Usurbilgo omenaldia
Joxan Artzeren sorterria, Usurbil, sortzaile handia merezi moduan omentzeko prestatzen hasia da. Gogoan izan, zereginotarako herritarren batzorde bat osatu zen martxoan. Antolaketa lanei ekin zieten. Dagoeneko omenaldi eguna finkatua dago; ekainaren 16an omenduko du Usurbilek Joxan Artze. Egun osorako egitaraua josten dabiltza. Poesia, txalaparta, eta musika izango ditu osagai nagusi. Abian duten lanketari maiatzaren 14an 18:30etan Potxoenean deitu duten bilera irekian emango diote segida. Edonor bertaratu eta parte har dezake antolaketa lanetan.