Garbitaniaren objektu soziala handitu eta helbide soziala aldatzearen alde udalbatza

Noaua Aldizkaria 2018ko api. 25a, 13:11

Garbitania Zero Zabor Sozietate Mugatuaren objektu soziala handitu eta helbide soziala aldatzea erabaki zuen gehiengo osoz Usurbilgo Udaleko udalbatzak, astearte arratsaldean egin zuten osoko bilkuran. Orain arte Usurbilen kokatua zuen helbide soziala Garbitaniak. Aurrerantzean Usurbilen ez, Hernaniko Ereñotzun kokatuko da Garbitaniaren egoitza; Lastaola Poligonoa 3. Gunea, A12 eraikinean, sozietatearen jarduera handiena ere udalerri horretan zentratuko baita.

Objektu soziala handitzea erabaki zuten baita, Hernaniko Udalak aurrerantzean, Garbitania bidez eskainiko baitu kale garbiketa zerbitzua, zerbitzu hau publiko bihurtuz. Udal gobernu taldetik argitu zutenez, aldaketa hau ehuneko ehunean Hernaniko Udalak finantzatuko du osorik. 

Gehiengo osoz onartu zituzten erabakiok EHBilduren aldeko bozkekin. PSE-ren ordezkaria abstenitu zen. EAJ-ren ordezkariak aurka agertu ziren. Bozketa aurretik, gaia mahai gainean uztea eskatu zuten jeltzaleek. Proposamen hau bozkatu zuten, baina ez zen onartua izan. EHBilduk aurka bozkatu zuen, PSE-ren ordezkaria abstenitu zen.

Garbitanian aipatu aldaketak egitearen alde edo aurka bozkatzeko informazioa falta zitzaiela eta dokumentazioan Astigarragaren (Garbitaniako kide izaten segitzen du) aipamena egiten ez dela argudiatuta, eskatu zuten gaia mahai gainean uztea EAJ-k.  

Mahai gainean uztearen aurka agertu zen EHBildu, osoko bilkura aurretik informazioa biltzeko denbora nahikoa izan zutela esatearekin batera. Garrantzia kendu zioten dokumentazioan Astigarragaz dagoen aipamen faltari, erabakiok udalerri horri ez baitiote eragingo.

Garbitania

2010eko maiatzaren 5an Usurbilgo udalbatzak, handik aste gutxira Hernani eta Oiartzungo udalekin batera Garbitania erantzukizun mugatuko sozietatea eratzea erabaki zuen. Bere kapital soziala 500.000 eurokoa izango zen, eta hiru bazkideotako bakoitzak honako partaidetza izango zuen: Hernaniko Udalak %49a, Oiartzungoak %33a eta Usurbilgoak %18a. Usurbilek Garbitaniari 90.000 euroko ekarpena egitea erabaki zuen. Gerora, Astigarraga ere Garbitanian sartu zen.

Sozietate honen helburua  honakoa da: "hiri hondakinen eta asimilagarrien gaikako bilketa, kudeaketa, ustiaketa eta tratamendua, hala badagokio, gai horri buruz indarrean dauden lege xedapenak eta Europakoak betez, eta hondakinak gutxitzeko eta ahalik eta birziklatze maila altuenak lortzeko eta, hartara, arlo honetan indarrean dauden xedapenek diotena hobeto lortzeko helburua duten bilketa, kudeaketa eta tratamendu sistema bereziak hobetzeko moduak eta neurriak hedatzea".