2016ko Sanferminetan izandako bortxaketaren harira, ostegun honetan kaleratu den epaiari erantzuteko urgentziazko elkarretaratzea deitu du Usurbilgo Sortuk 19:30etan Mikel Laboa plazan.
Bederatzina urteko zigorra ezarri diete duela bi urteko Iruñeako jaietan emakume batean taldean eginiko erasoaren egileei. Sexu abusu delituagatik zigortu dituzte bost gizonak. Aipatu moduan, bederatzina urteko espetxe zigorra ezarri zaie eta 50.000 euroko kalte-ordainak eman beharko dizkiote biktimari. Horrekin batera, bi hilabetez eguneko 15 euroko isuna ordaindu beharko dute zigorturiko bost gizonek, erasoturiko emakumeari sakelako telefonoa lapurtzeagatik. Urruntze agindua ere ezarri diete.
Hiru epaileetako batek erasotzaileen absoluzioa galdegin du. Sexu eraso delituagatik absolbitu dituzte bost gizonak. Fiskalak hain zuzen, delitu hau egotzita 22 urtetik gorako espetxe zigorra eskatua zuen, 24 urtera artekoa akusazio partikularrak eta herri akusazioek 25 urtekoa. Duela bi urteko Sanferminetakoa, bortxaketa izan zela nabarmendu izan dute.
Epaia, aurreikusi bezala, 13:00ak aldera ezagutarazi dute. Nafarroako Auzitegi atarian mobilizatu dira kolektibo feministak. Haserrea adierazi dute epaia jakin dutenean. Bertaratu diren lagunetako batzuk auzitegi atarira sartzen ahalegindu dira. Segurtasun indarrek geldiarazi dituzte.