Kalean da! Udarregi Ikastolak plazaratu du betetzear dituen 50. urtemugako soinu banda, "Udarregi Ikastolak 50" CD-a. Martxoan zehar, ikastolako egungo kide eta kide ohien elkarlanez eginiko grabazioen emaitza da lan hau. 12 kantuz osaturiko diskoa 6 eurotan eskura dezakezue, Lizardi eta Laurok liburu dendetan, Bordatxo tabernan eta Udarregi Ikastolan.
Jendaurreko aurkezpena, maiatzaren 18an
Martxoan grabatu zuten ikastolako komunitateko egungo kideek eta kide ohiek. "Kantariak, ikastola osatzen duten oro izan dira, ikasle, ikasle ohi, guraso, guraso ohi, aiton-amonak, irakasleak, irakasle ohiak eta langileak. Instrumentu joleen artean ere, ikastolako guraso, irakasle, zein ikasle eta ikasle ohiak izenda ditzakegu, tartean, oso ezagunak diren instrumentu joleak", ikastolatik NOAUA!ri berri eman diotenez.
"Usurbilgo ikastolan abesten dituzten kantak grabatu dira. Kanta alaiak, kanta ederrak… txirularekin jotzeko kantak, irakasleek sortutakoak, ikasleek sortutakoak, ikasle ohiek sortutakoak… eta Gattunk kanta¨.
Ikastolako musika gelan grabatu zuten diskoa joan den hilabetean zehar. Moldaketak Jaione Eskudero ikastolako musika irakasleak egin ditu. Udarregiko guraso ohi Kaki Arkarazo arduratu da grabaketaz.
Abestien artean, bada bat ikasle ohiena. Luken Arkarazok sortu du doinua eta letra, "ikasle ohien artean moldatuta, eta Martxel Arkarazo teknikari lanetan jardunez Garate estudioetan”. Kanta guztion nahasketan Andoaingo Garate estudioetan egin dituzte. "Kanta hauek edonoren belarrietara gozo sartzea lortu dute ikastolako kantari eta musikariek, kanta bakoitza mimo, gogo, intentzio eta maitasun handiz egina dago. Adin guztietako pertsonentzat zuzendua dago”.
UDARREGI IKASTOLAREN 50. URTEMUGA
Diskoa maiatzaren 18an aurkeztuko dute. Adi, ikastolaren 50. urtemugari lotuta egin diren hurrengo deialdiei:
Maiatzak 12, larunbata
10:00 Ibilaldia Udarregi baserriraino, Paris etxe paretik.
"Ibilaldian zehar hainbat geldiune egingo dira herriko ondarean erreparatuz eta pasadizoak azalduz. bidean zehar trikitilariak lagunduta joango gara udarregi baserriraino eta bertan mokadu bat egongo da".
Maiatzak 18, ostirala
19:00 "Udarregi Ikastolak 50" CD-aren aurkezpena frontoian.
Irudiak: Udarregi Ikastola.