Apirilaren 28ko Lan Osasunaren Egunaren eta maiatzaren 1eko Langileen Egunaren harira, bi mobilizazio deitu ditu LAB sindikatuak lan, bizi eta herri duinaren alde. Aipatu sindikatuak NOAUA!ra helarazi duen ondoko gutunean dituzue xehetasunak. Mobilizazio hauen hitzorduak, hemen:
-Apirilak 27, 11:30 Lan istripuak salatzeko manifestazioa Donostian, Bilbao plazatik abiatuta.
-Maiatzak 1, 12:00 Manifestazioa Hernanin, Gudarien Plazatik abiatuta.
Deitzailea: LAB sindikatua.
Irudiak: LAB sindikatua.
Maiatzaren Lehenari begira
Lan eta bizi duina bermatzea herritar orori. Horixe izan beharko luke herri baten eredu ekonomiko eta sozialaren helburu nagusia, baina, IBEX 35ak eliteen mesedeetan agintzen du beti eta kapitalak prekarietatea zabaltzen jarraitzen du gure lanean eta bizitzetan.
Bi estatu antidemokratiko ditugu aurrean, Espainia eta Frantzia inboluzio sozial eta politikoa sustatzen ari dira euskal herritarron kaltetan. Lan eta bizi baldintzak prekaritzatzen ari dira, zerbitzu pubikoak murrizten ari dira, pentsio sistema publikoa eraitsi nahi dute, ...
Erasoaldi honen aurrean indarrak biltzeko garaia da. 1200 euroko gutxieneko soldata, 35 ordutako lan astea, 1080 euro gutxieneko pentsioa, lan istripuak ekiditeko neurriak, prekarizazioaren bazterketa, emakume eta gizonen arteko diskriminazio eta arrakala deuseztatzea,... Lan, bizi eta herri duina nahi ditugulako. Batu gaitezen eta borrokatu dezagun elkarrekin.
Langileekin egon ala patronalarekin lerratu, horixe da egun egin beharreko hautua. Guk garbi dugu. Herri gisa dagozkigun eskubideen alde, langile gisa bestelako jendarte eredu baten alde, bidelagun izango gaituzue. Lan, bizi eta herri duina helburu ditugulako, maiatzaren 1ean eta urte osoan, Kalera eta Borrokara!
Honenbestez, LABek honako deialdietan parte hartzeko gonbita luzatzen dizue.
Deialdiak:
-Apirilaren 27an ostirala 11:30ean, lan istripuak salatzeko manifestaldia. Donostiako Bilbao plazatik abiatuta.
-Maiatzaren 1ean asteartea 12:00etan manifestaldia, Hernaniko gudarien plazatik abiatuta.
LAB sindikatua