Errausketaren Aurkako Mugimenduak joan den udazkenean abiatu zuen sinadura bilketa kanpaina amaitzear du. Gogoan izan, erraustegiaren inguruko eztabaida teknikoa ematea eskatzen zaio EITB-ri. Erraustegiaren aldeko eta kontrako iritziak islatuko lituzkeen eztabaida saioa eskaintzea alegia. Horren alde, hilabeteotan change.org atarian abiatutako atxikimendu bilketari bukaera ematea erabaki dute. Azken asteak dituzue honakoak, aipatu helbide horretan sartu eta zuen sinadura emateko. Ostegun goizerako 8.800 lagunek baino gehiagok bat egina zuten, erraustegiaren eraginen inguruko eztabaida telebista publikoak plazaratzeko eskariarekin. Erraustegiaren Aurkako Mugimenduaren erronka 10.000 sinaduretara heltzea da.
Elkarretaratzea EITB atarian
Maiatzaren 17an, Birziklatzearen Nazioarteko Egunean hain zuzen, elkarretaratzea deitu dute 18:00etan, Euskal Irrati Telebistak (EITB) Donostiako Miramonen duen egoitza atarian. Une horretan bertan, erraustegiari buruzko eztabaida ematea eskatzeko, ordura arte bildutako sinadurak entregatuko dira. “Azken aldian erraustegien inguruan argitaratu diren albisteak kezka areagotu besterik ez dute egin gizartean eta ezinbesteko bihurtu da eztabaida teknikoa modu publikoan burutzea, ondoren gizarteak erabaki dezan proiektu polemiko honen egokitasunaz”, nabarmendu dute Errausketaren Aurkako Mugimendutik.