"Bortxaketa da! Guk sinesten dugu!"

Noaua Aldizkaria 2018ko api. 27a, 09:30

Elkarretaratze amaierako adierazpenaren irakurketan plazaratu zuten moduan, "Nazka, amorrua, inpotentzia, sinestu ezina, beldurra..." sentitu zuten atzo arratsaldean Mikel Laboa plazako elkarretaratzera hurbildutako herritarrek eta jendarteak oro har, eguerdian Nafarroako Auzitegi Nagusiak ezagutzera emandako epaiaren aurrean.

2016ko Iruñeako Sanferminetan bost gizonek taldean bortxatu zuten emakumearen harira egin den epaiketari buruz gabiltza. Aipatu moduan, ostegun honetan, kaleratu dute epaia. Sexu abusu delituagatik bederatzina urteko espetxe zigorra ezarri diete. Bortxaketa deliturik ez diote egotzi bost gizon hauei. Hiru epaileetako bat gainera, zigorrik ez, bost gizonak absolbitzearen alde agertu da. Fiskaltzak eta akusazio partikularrek bost gizonok bortxaketagatik zigortzea eskatu zuten. 20-25 urtetik gorako espetxe zigorrak eskatzen zituzten erasotzaileentzat. 

Gutxitan ikusi den haserrea eta sumindura eragin zuen epaiak, Nafarroako epaitegi atarian eragile feministek deituta elkarretaratzean bilduak zeudenen artean, baita gerora, Euskal Herri luze zabalean eta hemendik kanpo ostegun arratsalde honetan egin ziren mobilizazioetan ere. Usurbilgoa Sortuk deitu zuen, eta 19:30ak aldera egin zen Mikel Laboa plazan, hainbat herritarrek eskuetan zuten aldarri argi baten bueltan: "Ez da abusua, bortxaketa da". Jendetza batu zen, bere haserre, sumindura azaltzera eta erasotua izan zen emakumeari babesa agertzera; "Bortxaketa da! Guk sinesten dugu!" adieraztera.  Albiste honetan beherago duzue mobilizazio amaieran plazaratu zuten manifestua.

Epaimahaia ezgaitzeko sinadura bilketa

Adi sarera. Gaurko epaia eman duen epaimahaia osatzen duten kideak ezgaitzeko sinadurak biltzen hasi dira change.org atarian. "Indarkeria matxista arazo hain larria dugun herri honetan, ezin dugu onartu epaile eta magistratuentzat aski ez izatea sexu erasoa izateko 5 gizonek mozkortua dagoen gazte babesgabe bat erasotu, gero abandonatu eta lagundua izateko sakeleko telefonoa lapurtu izana". Ostiral goiz honetarako jada 664.000 lagunek baino gehiagok sinatua zuten, Espainiako Auzitegi Gorenari zuzenduriko eskaera hau.

ADIERAZPENA

Gaur eguerdian kaleratu du Nafarroako Auzitegi Nagusiak 2016ko Sanferminetan taldean bortxatu zuten emakumeari buruzko epaia.

Bai, bortxaketa diogu, eta ez sexu abusu soila, epaileek adierazi modura.

Nazka, amorrua, inpotentzia, sinestu ezina, beldurra... sentitu dugu epaiaren berri izan bezain pronto. Epaile horien iritziz, ez zen bortxaketarik izan, ez zen erasorik izan, ez zen indarkeriarik izan. Sexu abusua izan omen zen, eta horregatik 9 urteko espetxe zigorra baino ez diete ezarri, eta 50.000 euroko kalte-ordaina. Gainera, hiru epailetik batek boto partikularra eman du, 20 urteko neska bortxatu zuten bost gizonak absolbitzeko eskatuz. Are sinesgaitzagoa.

Desberdintasuna, abusu eta eraso edo bortxaketaren artekoa, lengoaia juridiko tranpatiaren arabera, emakumeak jarritako erresistentzian datza: gizonek indarkeria fisikorik erabili ez zutenez euren zakilak neskaren gorputzean sartzeko, hori ez baita, nonbait, indarkeria, ez zen bortxaketa izan.

Noren eskuetan dago justizia? Justiziarik bada, behintzat?

Ze legek babesten gaituzte?

Erasoaren ardura neskaren gain utzi dute, izan ere, emakumeak jarritako erresistentziaren arabera gertatutakoa baitzen bortxaketa deliturako behar den indarkeria hori. Ikuspegi matxista, inondik inora. 

Indarkeria neurtzeko termometro ezberdinak, zalantzarik gabe.

Gaur, justu, beste epaiketa batean, Auzitegi Nazionalean fiskala entzun dugu 50 urteko espetxe zigorra eskatzen, ustez guardia zibil bat jotzeagatik. Ustez diogu, hori bera ere zalantzan jarri baitu epaiketak. Baina, guardia zibil bati 9 urteko espetxe zigorra ezartzen diote emakume bat bortxatzeagatik.

Babesgabetasun juridikoa ere... gero emakumeei salatu behar dela esan, bueltan halakoak jasotzeko: doble erasotzen dira emakumeak. 

Edonola ere, nik sinesten zaitut. Guk sinesten zaitugu. Gure lekukotzek sinesgarritasun osoa dute. Badirudi ez duela garrantziarik nik edo zuk ez sinesteak. Baina, bai: gure babeslekua da, indarra ematen digu sinestuak izateak. Gure pilula da, oinaze sakon honi aurre egiteko. Sinesten dugula zabaldu behar dugu hitzez eta ekintzez, sistematikoki gure hitzak eta geure ekintzak susmopean daudelako oraindik, ez esan eta egiten dugunagatik, garenarengatik baizik: emakumeak garelako. 

Hain zaila da ulertzea ezetz ezetz dela? Emakumeok libre eta aske bizitzeko eskubidea dugu. 

Usurbilgo Ezker Abertzaletik, beste behin ere, ozen esan nahi dugu. Guk sinesten zaitugu! Guk sinesten zaituztegu!

OLYMPUS DIGITAL CAMERA

OLYMPUS DIGITAL CAMERA

OLYMPUS DIGITAL CAMERA

OLYMPUS DIGITAL CAMERA

OLYMPUS DIGITAL CAMERA

OLYMPUS DIGITAL CAMERA

OLYMPUS DIGITAL CAMERA

OLYMPUS DIGITAL CAMERA

OLYMPUS DIGITAL CAMERA