NOAUA!ra helarazi dituzten ondoko idatzi eta argazkien bidez, Lasarte-Oriako Landaberri Ikastolako lankideei elkartasuna adierazi eta haien kezkarekin bat egin dute Udarregi Ikastolako langileek. Kezka agertu dute, Zubietan eraikitzen ari diren erraustegiak ikasle eta langileen osasunean izan dezakeen eragin kaltegarriagatik. Kezka baita beste hamaika arrazoirengatik.
Era berean, bat egin dute, GuraSOSek Hitzartu prozesuaren baitan maiatzaren 5erako Landaberri Ikastolan antolatu duen herritarrentzako parte hartze jardunaldiarekin. "Har dezagun hitza!", animatzen diete herritarrei, ondoko idatziaren bidez:
LANDABERRI IKASTOLAKO LANKIDEEI ELKARTASUNA
Noauan 2018ko apirilaren 13an Landaberriko irakasle kezkatuek Gema Gonzalez de Txabarriri esandakoaren harira, Udarregiko irakasleok ondorengoa adierazi nahi dugu:
Landaberriko irakasleen antzera, gu ere kezkatuta gaude
Kezkatuta, 2 kilometro eskasera eraiki nahi duten errauskailuak langileon eta ikasleon osasunean sor ditzakeen kalteak larriak direlako ikerketa zientifikoen arabera.
Kezkatuta, Gipuzkoako Hezkuntza ordezkaritzak Landaberriko irakasleen idatziari emandako erantzunagatik eta hitz eginez kezka horri erantzun beharrean, presio bidez tentsio gehiago sortarazi duelako.
Kezkatuta, ikasleek Udarregi ikastolan egunerokotasunean lantzen ditugun balio eta eredu hezitzaileak (horien artean, liskarrak hitzaren bidez konpontzea, modu demokratiko eta parte-hartzailean adostasunetara iristea, gainerako kideei norberaren erabakiak ez inposatzea) ‘helduen munduan’ ez direla bermatzen ikusiko dutelako.
Kezkatuta, adostasun zabalak behar dituzten hainbat gaietan (genero-indarkeria kasu) erakundeek herritarrekin elkarlanean jarduten badute ere, guztioi eragiten digun eta guztion artean erabaki beharreko gai honetan desberdin jokatu dutelako.
Herritarrei eskaera
Aurrez aipatutako kezka horiek zuk ere buruan badarabiltzazu, har ezazu hitza. Hondakinen kudeaketaren gaiari nola aurre egingo diogun eztabaidatu eta adostu behar dugu. Guk, irakasleok, Udarregin ikasleekin egin ohi dugun moduan, hitz egin dezagun hain liskartsua baina garrantzitsua den gai honen inguruan.
Maiatzaren 5ean elkartasun eguna antolatu du guraSOSek Landaberri ikastolan. Hitzartu egitasmoaren harira, goizeko 10:15ean hasita hondakinen kudeaketaren inguruan jardungo dugu. Eguerdian paella jana egingo da (3 euro pertsonako), Usurbilgo eta Lasarte-Oriako kantu taldeekin batera abestuz. Azkenik, 17:00an elkartasun-festarekin amaituko da eguna, musikaz gozatu eta dantza eginez. Egun osoan zehar haurrentzako jolasak eta jarduerak antolatu dira.
Etorkizuneko hiritarren hezkuntza ez da bakarrik irakasleon ardura. Guztiok dugu zer esana gai honetan. Eman ezazu izena (komunikazioa@gurasos.org). Zuen babesa behar dugu. Har dezagun hitza!
Udarregi ikastolako irakasle kezkatuen izenean