Hondakinen kudeaketaren gaiarekin dugun arazoaren aurrean hitza hartu eta hitzartzeko bide-orria diseinatuko duen Hitzartu prozesuaren baitan, maiatzaren 5erako herritarrek parte hartu ahal izateko jardunaldia antolatu du GuraSOSek Lasarte-Oriako Landaberri Ikastolan. "Gune irekia” delako metodoaren bidez gauzatuko da. “Talde handien elkarrizketarako metodologia oso praktikoa da. Oso jende ezberdinen artean naturalki eta giro lasaian informatu, hitz egin, hausnartu eta eztabaida sortzea bultzatzen du”, adierazi dio NOAUA!ri, gaiotan ezagutza eta esperientzia izan eta jardunaldi honen antolaketa lanetan buru-belarri murgildua dabilen Jokin Telleria lasarte-oriatarrak.
Herritarrak dira gune irekiok egoki funtzionatu ahal izateko gako eta zutabeak. “Jendeak proposatzen ditu guneotan hitz egiteko gaiak. Elkarrizketa guneotan, bere ideiak, arazoak, ezinegonak plazaratzen ditu”, zehaztu du Telleriak. Giro lasaian, elkarri entzunez, eta hitz gutxitan, elkar aberastuz. Parte hartze saio hauetan, lege bakarra aplikatzen dela dio; bi oinen legea. “Talde batean egon eta talde horrek ez badizu ezer aportatzen, beste batera zoaz. Metodologia oso irekia da, nahi duenak nahi duena egiten du une oro”, gaineratzen du. Gune irekiak enpresek baliatzen dituzte, baita geroz eta gehiago, eragile ezberdinek antolatzen dituzten bilera, asanblada edota jardunaldietan.
Metodo hau pil-pilean dugun hondakinen kudeaketaren gaia lantzeko baliatzea, oso interesgarria deritzo Telleriak. Urteetan luzatzen ari den gai gatazkatsua izanik, hitz egiteko espazio lasaiak sortzea, “arnas pixka bat hartu eta beste modu batera jorratzeko”.
Gune irekien bidez, jardunaldira bertaratuko diren guztien benetako parte hartze eskubidea bermatzen da, baina era berean, norberak parte hartzeko duen gogo, behar eta neurria errespetatuta. “Interesgarria da profil oso anitzak egotea”, adierazi dio NOAUA!ri Telleriak. Bereziki usurbildar eta lasartearrei luzatzen diete jardunaldian parte hartzeko gonbita, “baina beste herrietako jendea ere etortzea nahi dugu”.
Jendartearen esku
Esperientzia badu Jokinek “gune irekien” egitasmoetan. 2012. urtean sortu zuten Kultura Alternatiboa izeneko plataforma kudeatzen du. Kulturari buruzko elkarrizketa, eztabaida eta hausnarketa bultzatzeko, Donostiako Doka kafe antzokian, arlo honetan murgilduak dauden hainbat kide eta eragile bildu ostean osatu zuten. Orduko hartan ere gune irekiaren metodologia hau baliatu zuten. Eta handik sortu zen aipatu plataforma. Gerora bideratu dituzten hainbat ekimenen abiapuntua izan zen bilkura hura. “25 topaketa, 3 gune ireki egin ditugu, oso aberasgarria izan da, jendartetik sortu baita”, nabarmendu digu Telleriak.
Hitzartu prozesuaren baitan, kultur jaialdi bat egiteko jarri zen hartuemanetan Telleria GuraSOSekin. Hartueman horretan planteatu zen elkarrizketarako gune ireki bat antolatzeko ideia. Antolaketa lanetan murgildu zen Telleria, lasarteoritarra eta Landaberriko ikasle ohia ere badena. “Neuretzat oso ardura potentea da”, adierazi digu.
Kultura Alternatiboa plataformak eginiko bidearen harira, Landaberriko jardunaldia ere, “prozesu baten abiapuntu kolektiboa izatea nahi genuke”. Baina hori bertaratzen diren herritarren esku egongo da. “Ez dakigu hortik zer aterako den. Ia ze jende joaten den, jendeak zer proposatzen duen”.
Hitzarturako ekarpen baliotsua
Ohiko bilera formatutik urruntzen den saioa dela nabarmenduta, bertaratu nahi duenak zer nolako jarrerarekin hurbiltzea komeni den galdetu diogu Jokini. “Norbera bere ideiekin joan dadila, baina entzuteko prestasunarekin eta ondo pasatzera. Ez da esan nahi dena aurrez prestatua eraman behar. Lasai, bertan aterako zaizu”.
Halako jardunaldietatik herritarren pentsamenduaren erradiografia marrazten da. “Jendeak dituen benetako ideiak, proposamenak, gogoetak, arazo edo ideiak ateratzen dira”. Landaberriko gune irekiak emandakoa txosten batean bilduko da. Hala nahi duenak, jardunaldian parte hartu duen orok jasoko du. Hitzartu prozesuko sustatzaileek, maiatzaren 5ak emandakoa gizarteratu asmo dute gero. Urte amaierara arte abian izango den Hitzartu prozesuari herritarrek eginiko ekarpen praktiko eta aberasgarria izango da zalantza izpirik gabe.
“Gure bizitzaren kontrola nahi dugu, hondakinekin hasiko al gara? Eta adostasuna bilatuz egingo al dugu?
Maiatzaren 5ean hitza hartu nahi duen orok hitzordua du Lasarte-Oriako Landaberri Ikastolan:
Jardunaldia: “Hondakinen kudaketan, ikuspegi anitzetik, adostasuna bilatu nahian: osasuna, ingurumena, ekonomia eta demokrazia”.
Galderak:“Borondate kontua da, garaiz al gaude? Nola lortu daiteke adostasuna? Nola egin dezakegu informatzeko, eztabaidatzeko eta parte hartzeko eskubideak bermatu daitezen? Ba al da arazoa konpontzeko egokiagoa den biderik?”.
Maiatzak 5, larunbata
Lasarte-Oriako Landaberri ikastolan:
10:15 Harrera.
10:30 Irekiera eta agenda osatu.
11:45-14:00 Gune irekiko solasaldiak, adin guztietarako.
14.00-15.30 Bazkaria. Menua: paella, fruta eta edaria, 3 euro.
15.30-16:30 Gune irekiko solasaldiak, adin guztietarako.
16:30-17:00 Itxiera.
17:00 Jaia.Haurren parte hartzea eta zaintza:etorkizunari buruz iritzia emateko aukera izango dute haurrek. Jarduera bereziak antolatuko dira haientzat egunean zehar, begiraleekin.
Izen ematea eta bazkarirako erreserbak:komunikazioa@gurasos.org
Beste ekintzak:haurtzaindegi zerbitzua ekintzekin, askariarekin eta musika.
Informazio gehiago:
hitzartu.eus
gurasos.org