Gure Esku Dagoren ekainaren 10eko giza katean izen emateko aukera asteburuan

Noaua Aldizkaria 2018ko api. 27a, 08:57

Pixkanaka gorantz doa, ekainaren 10eko giza katerako atxikimendu kopurua. Usurbilgo Gure Esku Dago taldetik sare sozialen bidez berri eman dutenez, jada ia 400 herritarrek eman dute ekimen honetarako izena. Gogoan izan halere gutxienez 1.000 lagun behar direla. Gure Esku Dagok astebururo (ostiral arratsaldeetan eta larunbat nahiz igande eguerdietan) frontoi inguruan jarri ohi duten postuan eman dezakezue izena. Gogoan izan bestalde, antolaketa lanetan parte hartu nahi duenak, ostegunero biltzen da Gure Esku Dago 19:00etan Potxoenean.

Ibilbidea prest

Milaka herritarrek elkarri eskua emango dioten ordua zehaztua dago; ekainaren 10ean, eguerdiko 12:00etan izango da giza katea. Baina lehenago, 10:00-11:30 artean bideratuko da muntaketa lan guztia. Gero, 12:30etan egingo da ekitaldi nagusia eta 13:30etan hasita, jai giroko hitzorduak hiriburuetan.

Zehaztu du Gure Esku Dagok, Euskal Herrian inoiz deitu den mobilizazio jendetsuenerako, ekainaren 10eko giza katearen ibilbidea. Gogoan izan, Donostia, Bilbo, Gasteiz, eta hiru hiruburuon arteko 38 herri lotuko dituen 201,9 kilometroko ekimenerako 100.000 lagun beharko direla gutxienez; haietatik 1.000 usurbildar. 2014ko giza katearekin alderatuta, oraingoa bai, inguruotatik igaroko da.

Usurbildik Oriora arteko mugaraino 9 kilometroko giza kate zatia osatuko da udalerri honetan. Eremu honetatik gutxi gora behera, 2 kilometro eta erdi inguru, usurbildar eta aginagarren laguntzaz osatuko da. Gainerako ibilbidearen zatia, Buruntzaldeko gainerako udalerrietako herritarrekin; Andoain, Astigarraga, Hernani, Lasarte-Oria eta Urnietako bizilagunekin. Honela banatua egongo da, Usurbilgo udalerrian barrena Gure Esku Dagok deitutako erabakitze eskubidearen aldeko ekimenak egingo duen ibilbidea:

USURBIL

9. kilometroa: Lasarte-Oria.

10. kilometroa: Lasarte-Oria.

11. kilometroa: Zubieta-Usurbil.

12. kilometroa: Usurbil.

13. kilometroa: Andoain.

14. kilometroa: Andoain.

15. kilometroa: Urnieta-Aginaga.

16. kilometroa: Astigarraga.

17. kilometroa: Hernani.

ORIO

18. kilometroa: Hernani….