Ez Dok Hiru eszenatokietara itzuli da, “Euskal Herriko imajinariio musikalaren errepaso ironiko, absurdu eta dibertigarria eskaintzeko asmoz”. Honakoan baina, Mikel Martinez eta Patxo Telleria aktoreak hiru musikarirekin batera igoko dira oholtza gainera. Jexux Artze K.E.-ren eskutik, maiatzaren 5ean 20:00etan Sutegin.
NOAUA! Ikuskizunaren PDFari begira: “Euskal Musikaren benetako istorioa” esaldiak h-a zintzilik du. Ia erortzear. Ikuskizunak zenbat du historiatik eta zenbat istoriotik?
Patxo Telleria. Historiatik ezer ez! Musikologo ero eta absurduak gara. Normalean, Mikel eta Patxo deitzen diogu elkarri. Baina kasu honetan mailaz igo gara eta Martinez doktorea eta Telleria doktorea gara orain. Musikologian eminentzia bi. Antzezlan hau egiteko, azken 50 urteotako musikan oinarritu gara. Baina planteamendua guztiz azientifikoa eta absurdua da. Dena den, kantatzen ditugun kantak benetakoak dira. Gure kantutegiko 200 bat kanta zati baliatu ditugu. Batzuetan kontestutik atera ditugu eta beste batzuetan itxuraldatu egin ditugu, baina umorea sortzeko beti ere. Gure musikari eginiko omenaldia da hau. Hori argi dago hasieratik bukaeraraino, baina katxondeotik abiatu gara.
“Kanten indarra”
N. Antzezlan honen gidoia idaz- terakoan, hango eta hemengo abestien letrak josi dituzue. Zein neurritan baldintzatu dute abestiek antzezlanaren gidoia?
P. T. Kantek ez dute gidoia baldintzatu. Nik ez nuke hori esango. Kantak baliatu ditugu eszenak sortzeko. Zentzu horretan, abestiek hari bat ezarri didate baina batuta nik eraman dut, ez kantek. Kantak nik nahi nituen tokira eraman ditut, eta ez alderantziz.
N. 200 kanta baliatu dituzue. Popurri modukoak kantatzen al dituzue?
P. T. Denetarik. Kanta batzuk kontestutik atera eta beste kanta zati batzuekin josi ditugu. Dialogo batean, adibidez, 40 kanta agertzen dira. Askotan izenburua baino ez; edo lelo ezagun bat. Beste batzuetan popurri modukoak egin ditugu, bai. Eta haur kanten letrekin beldurrezko pieza bat ere osatu dugu.
N. Zuzeneko musikariekin aritzen zarete. Horrek, bere horretan, bestelako kutsua emango dio antzezlanari ezta?
P. T. Jakina. Hiru musikariak oso iaioak dira eta horrek sekulako pisua ematen dio ikuskizunari. Zinean edo antzerkian gertatzen ez den bezala, antzezlan honekin jendea behin baino gehiagotan etorri da gu ikustera. Eta neurri handi batean, musikariei esker izan da. Obra honekin hori gertatzen ari zaigu. Horrek zerikusi zuzena du musikarekin. Antzezlana soila balitz, behin istorioa ezagututa ez zenuke berriro ikusteko beharrik sentituko akaso. Baina zuzeneko musikak hori du: entzutea bera gozamena da.
N. Kantak badu indar hori. Barrenak, emozioak mugiarazi ditzake.
P. T. Hori da. Umoreak buruan eragiten du baina musikak emozioak mugiarazteko indarra du.
“Usurbilen beti egon da halako ikusmin bat”
NOAUA! Bilbon egin zenuten obra honen estreinaldia. Orain urtebete. Zenbat plaza egin dituzue honez gero?
Patxo Telleria. 60 bat emanaldi egin ditugu. Euskarazko antzerkiaren zirkuituan ez ohikoa da. Gu eta gainontzeko konpainiak ez gaude ohituta horrelako erantzuna jasotzera. Musikala izateak asko laguntzen du, dudarik gabe. Eskaera handia da baina toki batzuetan ez dugu formatu honekin aritzeko aukerarik. Formatu txikia prestatu berri dugu eta aurrerantzean modu akustikoan ere arituko gara: bi aktoreak, taldeko pianojolearekin batera.
N. Usurbilen, hala ere, bostak arituko zarete ezta?
P. T. Bai, talde osoa arituko da Sutegin.
N. Aurreko ikuskizunak ere eskaini izan dituzue Usurbilen. Nolakoa da bertako ikuslea?
P. T. Askotan izan gara Usurbilen. Publiko guztiak ezberdinak dira eta emanaldi bakoitzeko publikoaren erantzuna ere ezberdina da. Jendeak antzerkira joateko joera du eta hori da guk gehien estimatzen duguna. Herrian zaletasuna egotea. Nik gogoan dudanagatik, Usurbilen beti egon da halako ikusmina eta guretzako hori oso ona da.
JEXUX ARTZE K.E.-ren UDABERRIKO EKITALDIAK
Maiatza 4, ostirala
20:00 “Errementari” pelikula Sutegiko auditoriumean
Sarrerak: 5 € Lizardin aldez aurretik eta egun berean leihatilan.
Maiatza 5, larunbata
20:00 “Ez dok hiru” antzezlana Sutegiko auditoriumean.
Sarrerak: Lizardin 8 € aldez aurretik, 10 € egun berean (leihatilan).