EITB-k erraustegiari buruzko eztabaida ematea eskatzeko, 10.000 atxikimendu biltzear

Noaua Aldizkaria 2018ko mai. 2a, 11:41

10.000 sinaduretara heltzeko bidean da, Errausketaren Aurkako Mugimenduak udazkenean change.org atarian abiatutako atxikimendu bilketa kanpaina. Ekimen honen bidez, EITB-k erraustegiari buruzko eztabaida teknikoa ematea eskatu nahi da. Erraustegiaren aldeko eta kontrako iritziak islatuko lituzkeen eztabaida saioa eskaintzea alegia. 

Maiatzaren bigarren egun honetarako 9.200 lagunek baino gehiagok bat egina zuten eskaera horren alde. Adi, azken hilabeteotan change.org atarian abiatutako atxikimendu bilketari bukaera ematea erabaki dute. Azken asteak dituzue beraz honakoak, aipatu helbide horretan sartu eta zuen sinadura emateko.  Erraustegiaren Aurkako Mugimenduaren erronka 10.000 sinaduretara heltzea da.

Elkarretaratzea EITB atarian

Maiatzaren 17an, Birziklatzearen Nazioarteko Egunean hain zuzen, elkarretaratzea deitu dute 18:00etan, Euskal Irrati Telebistak (EITB) Donostiako Miramonen duen egoitza atarian. Une horretan bertan, erraustegiari buruzko eztabaida ematea eskatzeko, ordura arte bildutako sinadurak entregatuko dira. “Azken aldian erraustegien inguruan argitaratu diren albisteak kezka areagotu besterik ez dute egin gizartean eta ezinbesteko bihurtu da eztabaida teknikoa modu publikoan burutzea, ondoren gizarteak erabaki dezan proiektu polemiko honen egokitasunaz”, nabarmendu dute Errausketaren Aurkako Mugimendutik.