Herritar batek baino gehiagok etxeko leihoa ireki edo balkoira irtetea aski du, Zubieta gainean eraikitzen ari diren erraustegia ikusteko. Jada begi bistakoa da planta bera herriko txoko askotatik. Azken hilabeteotan abiada bizia hartu dute eraikitze lanek, ondoko irudietan ikus dezakezuenez. Askoz mantsoago doaz, handik oso gertuko lur eremuan kokatu asmo duten espetxe edota industriaguneko eraikitze lanak.
Gipuzkoako Hondakinen Kontsortziotik berri eman dutenez, bigarren faseko lanak FCC-ri esleitzea erabaki dute, “talde horren eskaintzak lortu du puntuaziorik onena, bai apartatu teknikoan, bai ekonomikoan”. 32,2 milioi euro xahutuko ditu biometanizazio planta bat bat eta erraustegiak sortaraziko dituen “zepak birziklatzeko beste planta batean”. Azpiegitura hauei, eraikitzen ari diren erraustegia eta tratamendu mekaniko biologikorako planta erantsi behar. Urtebete barru ospatuko diren udal eta foru hauteskundeetarako amaituta nahi ditu azpiegiturok Foru Aldundiak. “Ingurumen Gunearen bi faseak abiarazita, Gipuzkoak ebatzita izango du hondakinen arazoa legealdi amaieran, eta herritarrekin hartutako konpromisoa beteta egongo da”, iragarri dute.