Hondakinen kudeaketaz herritarrek hitza hartzeko jardunaldia larunbatean Landaberri Ikastolan

Noaua Aldizkaria 2018ko mai. 2a, 12:12

Legez gauzatzera behartua egon eta iragartzera ere heldu zen arren, Gipuzkoako Hiri Hondakinak Kudeatzeko Plan berriari begirako parte hartze prozesurik ez du bideratu Gipuzkoako Foru Aldundiak. Horren aurrean, aurrekaririk ez duen ekimena aurkeztu zuen GuraSOSek, iragan urte amaieran; hainbat eragilerekin batera, urte honetan zehar garatu asmo duten Hitzartu, hondakinen kudeaketarekin dugun arazoaren konponbide eta adostasunera hurbilduko gaituen bide-orria lantzeko parte hartze prozesua.

Prozesu honetako gakoa hitza hartu eta hitzartzea, adostea izango da. “Herritarroi hitza eta elkarrizketa, akordioetara heltzea, ariketa demokratiko hau ukatu zaigu” eta, GuraSOSen lehendakari Joxe Mari Izetak NOAUA!ri gogorarazi dionez.

Gipuzkoarrek hitza hartzea ahalbidetu eta bermatu nahi du Hitzartuk. “Eman ez zaigun hitza geronek hartu nahi dugu, eta ukatu zaigun prozesua geronek egin nahi dugu”, dio Izetak. Horretarako dute abian Hitzartu. Batetik, parte hartze prozesu formala, jende talde anitz batekin. “Halere iruditzen zitzaigun oso jende gutxik hartuko zuela parte halako formatuan”. Hitza hartu nahi duen herritar orok parte hartu dezan, “Gure bizitzaren kontrola nahi dugu, hondakinekin hasiko gara?”, jardunaldi egun berezia antolatu dute maiatzaren 5ean.

Jardunaldi egun honetan parte hartzeko “ez da ezagutza berezirik behar, ditugun galderei erantzuteko, talde mailako ezagutza sortzea eta baliatzea da asmoa. Libreki bota daitezkeen proposamenak jasoko dira lehenik (ideien azokatxoa), ondoren proposamen horiek, taldetxoetan eztabaidatuko dira, aldi berean. Bakoitzak erabakiko du zeinetan parte hartu eta arau bakarra dago: askatasun osoa dago batetik bestera mugitzeko. Besteekiko errespetua ezinbestekoa izango da”, antolatzaileen esanetan. Parte hartzera deitzen dituzte, bereziki usurbildar eta lasartearrak.

Jardunaldia Landaberrin

Ez dute edozein leku hautatu jardunaldi honetarako; Lasarte-Oriako Landaberri Ikastola. Eraikitzen ari zaizkigun erraustegitik hurbilen, 500 metrotara baino ez dagoen ikastetxea dugu. Eta ahotan hartu izan ditugu azken aldian, bi urte daramatzatelako Hezkuntza Delegazioari, erraustegiak hezitzaile nahiz ikasleen osasunean izan dezakeen eraginarekiko kezka agertu eta argibideak eskatzen. Dakizuenez, Hezkuntza Ordezkaritzatik jaso duten erantzun bakarra, ikastetxe atarian zuten pankarta kentzeko agindua izan da. Pankartak hain zuzen, erraustegiarekiko kalteekiko kezka jasotzen zuen.

“Landaberri modu solidarioa aukeratu dugu, erraustegitik gertu dagoelako eta erraustegiarekiko kezka azaltzen zuen pankarta bat jartzeagatik izan dituzten zailtasunengatik”, adierazi dio NOAUA!ri GuraSOSeko lehendakari Joxe Mari Izetak.