Lasarte-Oriako Aire Garbia herri plataformak, erraustegiaren goi-tentsioko linearen aurkako agerraldi jendetsua deitu du asteazken honetarako, maiatzak 2, 19:00etan Lasarte-Oriako Okendo plazan.
Soilik erraustegiarentzat eraiki nahi duten goi-tentsioko linea batek eskualdea zeharkatuko du Hernanitik hasi, Urnieta, Andoain eta Lasarte-Oriako lurrak zeharkatu eta Zubieta gaineko erraustegiraino. Proiektuak izango duen eragina bertatik bertara ikusteko mendi martxa antolatu zuen Erraustegiaren Aurkako Mugimenduak Azkorte baselizaraino, urtarrila amaieran. Herritar zutabe bana abiatu zen oinez, Hernani, Urnieta, Andoain eta Lasarte-Oriatik. Azkorte baseliza parean elkartu ziren, ondoko talde argazkia atera eta proiektuaren gaineko xehetasunak ezagutzeko.
5,4 kilometroko linea
Goi-tentsioko linea berriaren eta erraustegiaren aurkakoa ere izan zen noski mendi martxan. "Izan ere, erraustegiak kalte egiten die pertsonen osasunari eta ingurumenari, birziklatzearen eta ekonomia zirkularraren bidean aurrera egitea oztopatzen du, eta sekulako zuloa egiten du gaurko zein biharko gipuzkoarren poltsikoan".
Goi tentsioko lineak ere eragin nabarmena izango du ingurumenean. "Linea osoan, bataz besteko 40 metroko zabaleran, zuhaitzak moztu egingo dira, eta ezin izango da berririk landatu", zehaztu zuten Erraustegiaren Aurkako Mugimendutik.
Proiektua zertan den ere zehaztu zuten. "Une honetan proiektua Jaurlaritzako Ingurumen Sailaren Ingurumen Eraginaren Deklarazioaren zain dago. Behin tramite hori gaindituta, deklarazioa jendaurrean jarri beharko da eta helegiteak jartzeko tartea zabalduko da. Ondoren, Industria Sailera joango litzateke proiektua eta hark baimendu ostean, lur desjabetzeak eta eraikuntza lanak hasiko lirateke. Obra Iberdrolak egin eta kudeatuko luke".
Honatx Erraustegiaren Aurkako Mugimenduak proiektuari lotuta plazaratuak dituen zenbaki gehiago:
-132 kilovolteko potentzia izango du.
-Urtean 160.000 megawatt sortzeko gaitasuna.
-Soilik erraustegia hornitzeko eraiki nahi da.
-Linearen luzeera: 5.422 metro.
-Linearen "ibilbidea": erraustegia eraikiko den gunetik Urnieta eta Hernani arteko mugatik gertu, A-15 autobide ondoraino. "Han, Santa Barbara azpitik Usurbildik datorren goi tentsioko linearekin bat egingo luke".
-50 metro karratuko lur eremua okupatuko luketen 30-36 metro arteko 21 dorre eraiki nahi dituzte.
https://twitter.com/ErrausAurkMugi/status/991081318938226688