Udako aisialdi ekimen anitzetan izen ematea zabalik

Noaua Aldizkaria 2018ko mai. 3a, 11:05

Udajolasen izen emateko epea ixtear den arren, uda parterako haur eta gazteei zuzenduriko aisialdi ekimen gehiago antolatu dira inguruotan; txokoak Aginagan eta Zubietan, ikastaroak Oiardo Kiroldegian edota UEMA-ren udalekuak. Eskaintza honen berri zehatzago doakizue segidan.

Aginagako txokoak

Aginagako udako txokoetan izena emateko epea zabalik dago jada hilaren 18ra arte. “Txokoen iraupena, ekainaren 25etik uztailaren 30era izango da eta aurten abuztuan ere eskaintzeko asmoa dugu, taldea sortzen bada behintzat”, Aginagako San Praixku guraso elkarteak aditzera eman duenez. “Apuntatzeko bi aukera izango dira, iraupen osoa edota asteak solte”. Informazio gehiago helbide honetan: aginaga@eskolatxikiak.org

Udako txokoak Zubietan

2-12 urte artekoentzako udako txokoak antolatu ditu Zubietako Guraso Elkarteak. Interesdunek idatzi dezatela zubietatxoko@gmail.com helbidera edo deitu 649 659 786 telefono zenbakira.

UEMA-k ere udalekuak antolatu ditu

Usurbilgo herria kide duen Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak (UEMA) ere udalekuak antolatu ditu udalerri euskaldunetako 15-18 urte arteko gazteentzat. Uztailean, astebetez, Zestoako Sastarrain aterpetxean egonaldia hain zuzen. “Euskarak eta gozamenak batuko gaitu aste oso batez ingurune eder bezain lasaian. Zazpi eguneko egonaldia, mantenu osoan, ekintza, irteera, tailer eta udalekuetan ohikoak diren eguneroko jarduera ugarirekin”. Hemen argibide gehiago:

-Noiz: uztailaren 10etik 17ra.

-Non: Zestoako Sastarrain aterpetxean.

-Nori zuzendua: udalerri euskaldunetako 15-18 urte arteko gazteentzat.

-Plaza kopurua: 50. Salto Gazte Topaketetan parte hartu zuten gazteentzat 10 leku gordeko dira. Gainerako 40 gazteak zozketa bidez hautatuko dituzte, “beti ere lurraldetasun eta genero ikuspegiak zainduta”. Zozketa egin behar izanez gero, maiatzaren 14an jakinaraziko zaie gazteei lekua egokitu zaien edo ez. Zozketaren berri izanda, ordainketak egiteko maiatzaren 19ra arteko epea izango da.

-Izen emate epea: maiatzaren 9ra arte.

-Prezioa: 249 euro.

-Izena emateko eta informazio gehiago: hezkuntza@uema.eus/ 943 816 699 (astelehenetik ostiralera, 8:00-15:00 artean) / uema.eus

Antolatzailea: UEMA. Laguntzailea: Eusko Jaurlaritza.

Ingeles udalekuak bertan behera

Jende nahikorik batu ez zenez, Udarregi Ikastolak uda parterako antolaturiko ingeles udalekuak bertan behera geratu dira.

Oiardo Kiroldegia

Uztailerako kirol ikastaro eskaintza zabala antolatu du Oiardo Kiroldegiak. "Uda badator! Haur, gazte eta helduentzat ekintza ezberdinekin aprobetxatu uda modu onenean! Anima zaitez eta gerturatu Kiroldegira apirilaren 25etik ekainaren 1era izen ematera! Zure zain gaude!", luzatu dute gonbita.