Jaietarako txupinazorako hautagaia proposatu eta egitaraua diseinatzeko lehiaketan parte hartu daiteke jada

Noaua Aldizkaria 2018ko mai. 3a, 11:11

Ekainaren 28tik uztailaren 2ra ospatuko diren Usurbilgo jaiak antolatzeko lanak aurrerabidean dira.  Jai Batzordearen hurrengo bilera irekia maiatzaren 8rako (datorren astearterako) finkatu dute, 18:00etan Potxoenean. Batzar irekia da, festetan prestaketetan parte hartu nahi duten herritar nahiz eragile ororentzat zabalik egongo dena. Horrekin batera, urte garai honetan ohikoak ditugun bi deialdi plazaratu dituzte Jai Batzordetik; batetik, txupinazoa jaurtitzeko hautagaiak proposatzeko deia egin dute. Bestetik, egitaraua diseinatzeko lehiaketa ere abiarazi dute.

Txupinazorako proposamenak

Azken urteon ildo beretik, jaiak abiaraziko dituen suziria, txupinazoa nork jaurtiko duen usurbildarrek hautatuko dute aurtengoan ere. Proposamenak egitera animatzen dute Jai Batzordetik. Zuen ekarpenak helarazteko bi bide dituzue maiatzaren 18ra arte; emailez, kultura@usurbil.eushelbidera idatzita, edo Potxoenean, Sutegi udal liburutegian, Oiardo Kiroldegian edo Usurbilgo Udalean jarriko diren kaxetan utzi ditzakezue.  

Egitarau diseinu lehiaketa abian

Jaien berri ematen digun egitaraua lehiaketa bidez hautatu ohi du Jai Batzordeak. Aurtengoan ere hala egingo dute. Martxan da jada, Usurbilgo jaietako egitarau diseinu lehiaketa. Parte hartzeko bete beharreko baldintzak ohikoak dira, gogora ditzagun:

-Lehiaketa publiko eta irekia da.

-Lanaren ezaugarriak: originala, aurrez argitaratu gabea izan beharko du. Nahi adina lan aurkez daitezke. Euskaraz, neurri librean.

-Lanak aurkezteko modua: euskarri digitalean eta paperean (CD edo prendive batean, PDF formatuan). Lan bakoitza bi gutunazaletan aurkeztu: A gutunean egilearen datuak adierazi beharko dira. B gutunean, diseinu lana. Bi gutunon azaletan, egilearen izengoitia, A edo B kartazala den eta Santixabel egitarauaren lehiaketa adierazi beharko da.

-Parte hartzailea: norbanako edo taldeek aurkeztu daitezke. Taldeen kasuan, talde kide bat izendatuko da lanaren arduradun.

-Egitaraurako testua: Potxoenean edo kultura@usurbil.eushelbide bidez jaso beharko da. Testu horretan oinarrituta sortu behar da diseinu lana, Usurbilgo Udalaren logoarekin.

-Epaimahia: Jai Batzordeko eta diseinu arloan ezagutzen duten bina kideek eta kultura zinegotziak osatuko dute.

-Lanetan hizkuntza eta irudien erabilera ez sexista bermatu behar da.

-Aurkezteko epea eta lekua: maiatzaren 18a baino lehen, udal erregistroan edo postaz helbide honetara bidali: Usurbilgo Udala, Kultura Saila, Joxe Martin Sagardia z.g. 20170 Usurbil

-Saria: 500 euro (txapeldunak, gaztelaniazko bertsio laburtua jasotzen duen tamaina txikiagoko eskuorria maketatu beharko du).

-Argibide gehiagorako: 943 371 999 / kultura@usurbil.eus