Tosta Bandaren kontzertu arrakastatsuaren ostean, Jexux Artze Kultur Elkarteak antolaturiko ekitaldien astean sartu gara. Bi hitzordu interesgarri izango ditugu. Duela ez asko zinemetan estreinaturiko "Errementari" filma eta "Ez Dok Hiru" antzezlanaz gozatzeko parada ederra. Adi, ekitaldiotarako sarrerak aurrez eskura ditzakezue Lizardi liburu dendan. Bestela, ekitaldi egunetan bertan Sutegin:
JEXUX ARTZE K.E.-ren UDABERRIKO EKITALDIAK
Maiatza 4, ostirala
20:00 “Errementari” pelikula Sutegiko auditoriumean
Iraupena: 96 minutu.
Sarrerak: 5 € Lizardin aldez aurretik eta egun berean leihatilan.
Zehaztasunak: Filma Patxi Errementaria euskal ipuinaren moldaketa da. Joxe Migel Barandiaranek bildu zuen istorioa, eta haren gainean idatzi du gidoia Paul Urkijo zuzendariak, Asier Gerrikaetxeberriarekin elkarlanean.
Hamar urte pasatu dira 1833ko lehenengo gerra Karlistatik. Arabako herrixka batean, Diputazioko komisario bat gertakari bat ikertzen ari da, eta arrastoek basoaren sakonean dagoen errementeria beldurgarri batera daramate. Bertan, errementari arriskutsu eta bakarti bat bizi da: Patxi. Inguruko herritarrek hari buruzko istorio ilunak kontatzen dituzte, lapurreta, hilketa eta demonioekin egindako tratuei buruzkoak. Halako batean, Uxue izeneko neska umezurtz batek Patxi errementeriaren etxean sartzea lortuko du, eta zer misterio ezkutatzen duen aurkituko du.
Istorioari aurpegia eta ahotsa jartzen dioten aktore nagusiak Kandido Uranga, Uma Bracaglia, Eneko Sagardoy, Ramon Agirre eta Itziar Ituño dira.
Maiatza 5, larunbata
20:00 “Ez dok hiru” antzezlana Sutegiko auditoriumean.
Sarrerak: Lizardin 8 € aldez aurretik, 10 € egun berean (leihatilan).
Zehaztasunak: Patxo Telleria eta Mikel Martinez bikoteak beste hiru musikari-aktorekin partekatuko du taula, hitzari, zuzeneko musikaren indarra gehiturik. Zenbat euskal kanta ezagutzen dituzu, zahar edo berri? Kalkulua egin duzu inoiz? Ziur gaude uste duzuna baino askoz gehiago direla. Ikuskizun honetan berrehun baino gehiago agertzen dira (zatiak, noski!) eta denak ez bada gehienak, ezagun egingo zaizkizu. Gure musika ondarea, altxor bat da, gure memoria historikoaren lekuko emozionala. “Ez dok hiru”, kantutegian oinarritutako ikuskizun teatrala da.
Antolatzailea: Jexux Artze Kultur Elkartea.