Herritik sortu, antolatu eta herriak gauzatu duen jardunaldia izan da gaurkoa, Lasarte-Oriako Landaberri Ikastolan. Eta azken hitza ere, bertaratu diren herritarrek izan dute noski, GuraSOSek hondakinen kudeaketaren gaiaren harira, abian duen Hitzartu prozesuaren baitan, gaur ospatu den parte hartze jardunaldian.
Eguna borobiltzeko, parte hartzaileek inpresioak, sentipenak partekatu, balantzea egiteko aukera izan dute. Pozik eta gustara aritu direla aipatu dute, saio atsegina, esperientzia aberasgarria iruditu zaie. Norbere pentsamenduei ahotsa jarri, iritzia eman, informazioa jaso eta ikuspegia zabaltzeko batez ere. Egin duten lanagatik, hitza hartzeko eskainitako aukeragatik eskertu eta zoriondu dituzte antolatzaileak.
Etsipena agertu da baten baino gehiagoren ahotan. Etsipena, erraustegia abiada bizian eraikitzen ari direla ikusita. Eta datorkigunari begira jarrita, kezkatuta noski. Baina sentipen hau izanda ere, aurrera jarraitzeko konpromiso eta gogoa agertu dute. "Kezkatuta, baina aurrera jarraitu behar dugu" zioen partaide batek. "Sentipen gazi gozoarekin, baina lanean jarraitzeko gogo gehiagorekin" zioen beste batek.
Jende gehiagorengana heltzeko beharra aipatu da. "Adin tarte bat faltan bota dut" zioen herritar batek, gazte belaunaldiari erreferentzia eginez. Belaunaldi arteko topagunean bilakatzeko beharra aipatu da, eta ahalik eta jendarte zabal eta anitzarengana heltzeko beharra.
Metodologiaren berritasuna, bere izaera inklusiboa eta eraginkortasuna nabarmendu dute. Adin, ikuspegi, herri guztiei zabaldua baitzegoen gaurko jardunaldia. Gune irekien metolodogia hau eremu gehiagotara zabaltzeko deia ere egin da. "Herri bakoitzean Hitzartu taldea antolatzen joan eta horrek zerbait ekarriko du", zioen Hitzartu kideetako batek. "Hau toki gehiagotara zabaldu behar da", zioen beste batek.
Eta aurrera begirako desioak, nahiak. Esaterako, jardunaldian zehar hitza hartu duen gaztetxo talde baten ahotik atera dena; "Mundua aldatzeko nahia". Baita erronkak ere, bi nabarmenki. Batetik, gaurko saioak emandako indar eta bultzadaren ostean, lanean jarraitzeko gogoa eta deia, etsipenetik ekinbidera igaro beharra, "ez dugu etsi behar", partaide batzuen ahotan entzun ahal izan dugunez. Ez orain, ezta gerora ere, "erraustegia martxan jarrita ere, hor egon beharko dugu". Eta Landaberriko hezitzaileetako batek planteatu du beste erronka, edo hobekiago esanda, igaro ezineko marra gorria. "Ezin dugu etorkizuna erretzen utzi", ikastetxetik 500 metrora eraikitzen ari diren erraustegia gogora ekarriz.
Balantzea egiteko batzarra
Jardunaldian bildutako ekarpenen txostena parte hartzaileei helaraziko zaie. Jardunaldiak emandakoa gizarteratu asmo dute baita antolatzaileek. Larunbat honetako ekimenaren balantzea egiteko, maiatzaren 14an, 18:00etan batzarra deitu dute Lasarten. Lekua oraindik guztiz zehaztu gabe dute.