Gogotsu berpiztu dute Andatza Eguna

Noaua Aldizkaria 2018ko mai. 6a, 14:43

Lau bat urteko etenaren ostean, Andatza M.K.T.-k tradizio luzeko ospakizun egun hau antolatzeko eginiko ahaleginari gogotsu erantzun diote usurbildarrek. Maiatzeko lehen igande honetako ospakizuna berreskuratzeko gogoa bazela argi uzten dute ondoko irudiok. Jendetza batu baita, Andatza gaineko babeslekuan. Hamaiketako gozoa prestatu dute mendizaleen taldeko kideek. Eskubete lan izan dute mendi tontorrera igotakoak asetzen. Nahi adina jan edan izan da, trikitilariek girotu duten goiz partean.

Azken hilabeteotan gutxitan izan dugun giro eguzkitsuak jendetza igoarazi du Andatzara. Goizean goizetik etenik gabekoa izan da, gorantz eta beherantz belaunaldi ezberdinetako herritarren joan etorria. 

Andatza Eguna inoiz baino biziago dagoela esan daiteke.