Bi urte bete berri dituen GuraSOSek hainbat eragilerekin elkarlanean abian duen Hitzartu prozesuaren baitan, herritarrentzako parte hartze jardunaldia antolatu zuen joan den larunbatean, eraikitzen ari diren Zubietako erraustegitik 500 metrora, proiektu honekiko kezka agertzea debekatu zaion Lasarte-Oriako Landaberri Ikastolan.
Jardunaldi egunean zehar, bertaraturiko herritarren galdera eta kezketatik abiatuta, eztabaida taldeetan egondako iritzi eta ideiak bildu zituzten antolatzaileek; 40 proposamen ezberdin jaso dituzte. Saiootako aktak helaraziko zaizkie egunotan, jardunaldiko parte hartzaileei. Egunak emandakoa gizarteratu asmo dute baita antolatzaileek. Lehen balantzea egiteko, maiatzaren 14an, 18:00etan batzarra deitu dute Lasarte-Oriako Manuel Lekuona kultur etxean. Horrekin batera, antolatzaileak agerraldi bidez balorazio publiko bat ere egitekoak dira.
"Jendeak jarrera aktibo eta oso parte-hartzailea izan du"
Proba moduko esperientzia honen antolatzaileek iragarri dutenez, “asmoa da jardunaldi hau abiapuntutzat hartuta Gipuzkoako hainbat eskualdeetan errepikatzea eragile askotarikoekin (kultura, unibertsitatea, erretiratuak, gazteria, hezkuntza…). Esperientzia aitzindaria izan denez, hainbat alorretako pertsonei joateko deia egin zaie, esperientziatik ikas dezaten eta euren lekuetara eraman dezaten”. Gune irekien metodologia Gipuzkoara hedatzeko bideo tutorial bat ere grabatu zuten.
“Gure bizitzaren kontrolaren bila: nola lortu informatzeko, eztabaidatzeko eta parte hartzeko eskubidea bermatzea?” izeneko herritarrentzako parte hartze jardunaldia oso dinamikoa izan zen. “Jardunaldia giro lasai eta erosoan eman da eta jendeak jarrera aktibo eta oso parte-hartzailea izan du”, nabarmendu dute antolatzaileek. “Azpimarragarriena izan da bertaratutako guztiek parte hartu dutela eztabaidetan, gizarteak ideiak lasaitasunez adierazi eta hitz egiteko gogoa azalaraziz”, gaineratu dute.
Esteka hauetan dituzue jardunaldiren gaineko irudi eta xehetasun gehiago:
http://www.noaua.eus/2018/05/05/hau-toki-gehiagotara-zabaldu-behar-da-ez-dugu-etsi-behar-aurrera/