1987an sortutako LAB Irakaskuntzaren 30. urteurrena ospatzen dabil aipatu sindikatua egunotan. “Urte hauetan aldaketa, gertaera eta bizipen anitz bizi izan ditugu, bai norberak baita kolektibo gisa ere, eta horiek guztiak oholtza gainean jarri eta zuekin-gure artean ospatu nahi ditugu”, adierazi dute LAB-etik. Asteburuan Bilbon eta Iruñean izandako ekitaldien ondotik, ospakizun eguna deitu dute larunbaterako, maiatzak 12, Usurbilen.
Lehenbizi, orain arteko eta aurrera begirako ibilbidearen inguruko ekitaldia deitu dute larunbat eguerdirako Udarregi Ikastolan. Eta segidan, Mikel Karton kantautoreak giroturiko bazkaria plazan. “Bazkarian ahalik eta kide gehien egotea nahiko genuke eta horretarako seme-alabak zuekin ekartzera animatu nahi zaituztegu, haurrentzako menua eta bazkalostean tailer batzuk antolatuko ditugu”, iragarri dute. Bazkaritarako txartelak aurrez eskuratu beharko dira.