37. Sagardo Egunerako atzera kontaketa martxan

Noaua Aldizkaria 2018ko mai. 9a, 11:46

Lerrook idazterakoan, 11 egun baino ez dira geratzen usurbildarren jai egun kuttunenerako. Sagardo Egunaren Lagunak taldeak argitara emana du, maiatzaren 20an ospatuko den usurbildarren festa egun nagusiko kartela eta egitaraua. Ohi bezala, 11:30etan ospatuko den irekiera ekitaldiarekin emango zaio hasiera egunari. Baserriko, "Euskal Sagardoa" jatorrizko izendapena duten edota Gipuzkoako Sagardogileen Elkarteko kideak diren edariak dastatzeko aukera izango da maiatzaren 20an, pintxo aukera zabala dastatzeko aukera izateaz gain. 

Iaz estreinaturiko Egurrezko Sagardoaren Lehiaketako sariak ere banatuko dituzte. Bazkal ordura arteko jai giroak arratsaldean izango du segida, herria dantzan jarri ohi duen "Elektro-Patxaranga" taldekoekin. 

Bistan denez, Sagardo Egunerako atzera kontaketa martxan da. "Ez ahaztu Maiatzak 20 igandea egutegian azpimarratzea, egun haundia gerturatzen ari da!!!", adierazi dute sare sozialen bidez Sagardo Egunaren Lagunak taldeko kideek.