Hala jakinarazi du gaur Usurbilgo Udalak. Honenbestez, Gipuzkoako Foru Aldundiak autobus zerbitzuetan iragarritako berregokitzapenak murrizketetan gauzatzen hasiak dira inguruotan. Udalak ohar bidez jakitera eman duenez, joan den ostegunean bildu ziren Xabier Arregi alkatea eta Jone Urdapilleta zinegotzia Aldundiko mugikortasun-diputatu Marisol Garmendiarekin. Bilera hartan, Buruntzaldeko autobus zerbitzuak berrantolatzeko proiektuaren zehaztasunen berri jaso zuten Usurbilgo udal ordezkariek.
Aipatu moduan, Garmendiak ahoz jakinarazi zien, Usurbildik ospitaleetara doan autobus zerbitzua ezabatu egingo dutela erabiltze gutxi dituela argudiatuta eta aldiz, Zubietatik barrena Hernanirantz doan autobus zerbitzua bere horretan mantenduko dutela.
Honenbestez, autobus zerbitzuen murrizketen aurka Usurbilgo Udalak eta 2.000 usurbildarrek eginiko alegazioei bizkar eman die Aldundiak, ez dituzte erantzun, ezta aintzakotzat hartu ere, halako erabakiak hartu aurretik herritar, eragile nahiz erakundeekin hitz egin eta adostasunera heltzeko eskaria. Diputazioak hartutako erabakiarekiko desadostasuna agertu du Udalak eta hitza hartzeko aukera ukatu izana salatu dute. "Iruditzen zaigu ezin dela linea hori kendu, batetik herritarrei eta Udalari aukera eman gabe parte hartze aktiboaren bidez ze beste aukera dauden aztertzeko. Eta bestetik, iruditzen zaigulako oinarrizko zerbitzuetan irizpide ekonomizista soilak erabiltzea ez dela egokia", adierazi du Xabier Arregi alkateak, albiste honi atxikia duzuen Udalak grabaturiko bideoan dioenez.
Alkateak lehendik esan izan dutena berretsi du. "Zerbitzu hori bereziki sentsiblea, garrantzitsua dela, ospitaleetara doan jendea behartua dagoelako, eta gainera, gizarteko sektore ahulenak dira horren erabiltzaileak. Hori kentzeak badu esanahi kualitatiboa ere eta handia gainera".
Albiste honi atxikitako bideoaren egilea: Usurbilgo Udala.