7.000 sinadura eta 5.000 alegazio bildu ziren, autobus zerbitzuen murrizketen aurka

Noaua Aldizkaria 2018ko mai. 9a, 13:17

Usurbilgo Udalak Foru Aldundiaren ahotik jakin eta gaur jakinarazi duenez, Usurbildik ospitalera doan autobus zerbitzua ezabatu egingo du, Diputazioak landua izan eta prest duen Buruntzaldeko autobus zerbitzuak berrantolatzeko proiektuaren baitan.

Murrizketon aurka agertu izan dira behin baino gehiagotan azken hilabeteotan, autobus gidariak, herritarrak, eragileak, hainbat udaletako ordezkariak... Gai honekiko kezka atzetik dator. Gipuzkoako Foru Aldundiak irailaren 8an zerbitzuak berregokitzeko aurreproiektua aurkeztu zuenetik. Hainbat murrizketa planteatzen zituen, gerora autobus gidariek, hainbat udaletako alkateek (tartean Usurbilgoak) eta herritarrek salatuko zuten moduan. Berehala, murrizketok bertan behera utzi eta gaia elkarrizketaren eta adostasunaren bidetik konpontzea galdegiteko alegazioak aurkeztera deitu zitzaien herritarrei.

Garraio zerbitzuetan aplikatu asmo zituen murrizketen aurkako hainbat ekimen izan dira azken hilabeteotan. Autobus gidari edota herritarrak biltzen dituen Murrizketarik Ez! plataformak Buruntzaldean eta Tolosaldean jasotako 7.000 sinadura erregistratu zituen otsailaren 27an Gipuzkoako Foru Aldundian. Ibaetako EHU-ren kanpus ondoan, Gipuzkoako Foru Aldundiaren Mugikortasuneko eta Lurralde Antolaketako Departamenduaren egoitza atarian, Julio Caro Baroja plazatik Gipuzkoa plazaraino egindako martxaren amaieran izan zen.

Eskubide sozialen defentsan

Plataformakoen esanetan, gizarteko sektore ahulenei eragingo dieten %30-60 arteko murrizketak planteatu ditu Aldundiak, eta langileen heren bat, 30 lagun lanik gabe gera daitezke. Murrizketon aurka 5.000 alegaziotik eta 7.000 alegaziotik gora bildu dituzte Buruntzaldean eta Tolosaldean. “Guk oso garbi dugu zerbitzu publikoen suntsipenen aurrean, eskubide sozialen defentsan jardungo dugu”, iragarri zuten. Gizartearen interesak ekonomikoen gainetik jartzea eskatu zuten, eta guztioi eragiten diguten erabakietan herritarrek parte hartu ahal izatea. Foru Aldundiari erabiltzaile eta autobus gidarientzat ahalik eta kalte gutxien sortuko duen adostunera heltzeko negoziazio mahaia zabaltzea eskatzen zioten. 

Murrizketak, herritarrentzat ez ezik, gidarientzat ere kaltegarri liratekeela adierazia dute eta gidariek. Aurreproiektua aplikatuko balitz, "litekeena da 30 langiletik hora lanpostu galtzea".

https://youtu.be/LN1WIWfxnAo

https://youtu.be/xzeDKBuGUuQ

Usurbilgo Udala ere, garraio zerbitzu publikoetako murrizketen aurka

Ia 2.000 herritarrek aurkeztu zituzten urriaren 23ra arte finkatua zegoen epearen baitan, Gipuzkoako Foru Aldundiak garraio zerbitzu publikoetan aplikatu asmo dituen murrizketen aurkako alegazioak. Udalak ere gauza bera egin zuen. Horrez gain, gai honi lotutako mozioa onartu zuen udalbatzak urriaren 31n egin zuten osoko bilkuran, EHBildu eta EAJ-ko ordezkarien babesarekin. Aurka bozkatu zuen PSE-k.