Gutxi falta zaie 10.000 sinaduretara heltzeko. Errausketaren Aurkako Mugimenduak, EITB-k erraustegiari buruzko eztabaida teknikoa eman dezan galdegiteko udazkenean abian jarritako atxikimendu bilketa kanpaina azken txanpan da. Ostegun honetarako ia 9.500 lagunek bat egina zuten eskaera honekin. Erronka 10.000 sinaduretara heltzea da.
EITB-k erraustegiaren aldeko eta kontrako iritziak islatuko lituzkeen eztabaida saioa eskaintzearen aldeko sinadura emateko azken egunak dituzue change.org atarian.
Elkarretaratzea EITB atarian
Maiatzaren 17an, Birziklatzearen Nazioarteko Egunean hain zuzen, elkarretaratzea deitu dute 18:00etan, Euskal Irrati Telebistak (EITB) Donostiako Miramonen duen egoitza atarian. Une horretan bertan, erraustegiari buruzko eztabaida ematea eskatzeko, ordura arte bildutako sinadurak entregatuko dira. “Azken aldian erraustegien inguruan argitaratu diren albisteak kezka areagotu besterik ez dute egin gizartean eta ezinbesteko bihurtu da eztabaida teknikoa modu publikoan burutzea, ondoren gizarteak erabaki dezan proiektu polemiko honen egokitasunaz”, nabarmendu dute Errausketaren Aurkako Mugimendutik.
https://twitter.com/ErrausAurkMugi/status/994317459422351360
https://twitter.com/JulenBegi/status/994275705784623105