Zumarte birgaitzeko Construcciones Moyua SL-k eginiko eskaintza onartu du udalbatzak

Noaua Aldizkaria 2018ko mai. 11a, 11:24

Zumarte Musika Eskolaren birgaitze lanak hastetik hurbilago gaude ostegun honetan udalbatzak egin duen ezohiko osoko bilkuraren ostean. Obren kontratazio esleipen deialdira aurkezturiko eskaintza bakarra, Construcciones Moyua SL-k eginikoa izendatu dute eskaintza onena gisa. Udalbatzak aho batez onarturiko erabaki honen ostean, 10 eguneko epea izango du aipatu enpresak, beharrezko dokumentazioa aurkezteko eta dagokion bermea, esleipenaren %7a (114.615,98 euro) ordaintzeko. Guztia aurreikusi bezala badoa, aipatu enpresak urrats hau egoki betetzen badu, hurrengo osoko bilkuran berari esleituko lioke udalbatzak musika eskolaren birgaitze lanak gauzatzeko obren kontratua.

Construcciones Moyua SL-k aurkezturiko eskaintzak beharrezko baldintza guztiak betetzen dituela adierazi zuen atzoko osoko bilkuran, Xabier Arregi alkateak. Guztira, 1.981.219 euroko proposamen ekonomikoa aurkeztu du. Lanotarako aurrekontuarekin alderatuta (1.998.998,78 euro) %0,89ko jaitsiera planteatu du. Finkatutako bermeak gainditzen ditu aipatu eskaintzak. Bestalde, Moyuaren eskaintzak Gipuzkoako eraikuntza sektoreko hitzarmen kolektiboak finkatzen dituen baldintzak hobetzen ditu. Xehetasun gisa, udal gobernu taldetik berri eman zutenez, zenbait lan zehatzetarako, geotermia instalakuntzarako, intsonorizatzeko, egur lanketa berezi bat bideratzeko eta teilatu berdea eraikitzeko, enpresa espezializatuak kontratatuko dira. 

Hitzarmena, berritua

Udalbatzak aho batez onartu zuen baita, Usurbilgo Udalak eta Zumarte Musika Eskolak 2014tik 4 urterako sinatua zuten hitzarmena berritzea. Hitzarmenak, musika eskolak jasoko duen diru-laguntza erregimena eta prekarioz utzitako lokalen erabilera arautzen du. Diru-laguntzei dagokienez, urtero 50.000 euro ematera konprometitzen da Udala, musika eskolaren aurrekontuaren %33ko ekarpena egingo du honenbestez. Gainerako laguntza, Eusko Jaurlaritzatik eta musika eskolako erabiltzaileek ordaindutako kuotetatik jasotzen dute. 

Hitzarmen berritu honek, lokal baten baino gehiagoren lagapena arautuko du, dakizuenez, ikasturte hasieratik behin behinean, herriko egoitza ezberdinak baliatzen ari baitira Zumartekoak, Kale Nagusiko Villa Pilar eraikineko birgaitze lanak amaitu artean. Hitzarmen hau birgaitze lanak bukatutakoan, 2019-20 ikasturtean berritzea aurreikusten da, alegia, "musika eskolaren egoitzaren obrak amaitu eta ekipatu ondoren erabiltzen" hasitakoan. Halere, hitzarmen hau lau urtera arte luza daiteke.