Izatez maiatzaren 15ean egokitzen bada ere, oraingoan bi egun aurreratu dituzte San Ixidro Eguneko ospakizunak. Igandean, hilaren 13an ospatuko da Usurbilen. Herriko baserritarrak omendu nahi dira, egiten duten lana errekonozitu. Duten ekoizpena plazaratu, herritarrok Usurbilgo bertako produktuak eta elikagaiok lantzen dituztenak ezagutu eta tokiko ekoizpena dastatzeak duen garrantziaz ohartarazi nahi da.
Beterri-Buruntza eskualdean, udalek eta ekoizleek herriko produktuak sustatzeko azken hilabeteotan landu duten "Usurbil KM0" egitasmoaren abiapuntua ere izango da igandeko azoka. "Herrian badira lehen sektorean lanean ari diren hamaika produktore, eta euren lana balioan jarri, herrian ezagutzera eman eta horiek herrian kontsumitu ahal izateko bideak ireki nahi ditu Udalak. Eta aurtengo San Ixidro Eguna asmo horiek gauzatzeko baliatu nahi dute", iragarri dute Usurbilgo Udaletik.
Egun osoko egitaraua lotu dute, azoka eta guzti aurten. Plaza giroan ospatu nahi da San Ixidro. Eta hala, herri bazkari berezia antolatu da maiatzaren 13rako. Herriko ekoizleen produktuez hornituriko otordua izango da. Oinarrizko Lanbide Heziketako sukaldaritza ikasketak burutzen ari diren ikasleek prestatuko dute.
Erraldoi eta Buruhandien Konpartsaren itzulera
Bertsolariek girotuko duten herri bazkaria. Txartelak aurrez eskuratu beharko dituzue. Pilota partidek, hamaiketako ederrak eta herri kirolek osatuko dute maiatzeko bigarren igandeko eskaintza. Maiatzaren 13ko hitzordua, Usurbilgo Erraldoi eta Buruhandien Konpartsaren itzulera eguna ere izango da. "Bueltan gara!", iragarri dute sare sozialen bidez.
"Bai, bueltan eta inoiz baino indar gehiagorekin. Hain handia da kalera irteteko dugun gogoa, ezen irteera baten faltan, bi izango ditugu. Gure erraldoi eta buruhandi maiteak kalera irteteko gogo handiz daude! Inauteriak hurrun ikusten ditugun bitartean, eguneratzeko ordua heldu da. Igande honetan, hilak 13, San Ixidro jaia ospatzera irtengo gara berriro. 12:00etan abiatuko gara Joxe Martin Sagardia plazatik, eta eguerdi parte guztian ibiliko gara herrian barrena. Bigarren irteera ordea, maiatzaren 20an iritsiko da. Herritik kanpora joan nahi genuela esan genuen, eta halaxe egokitu da! Debara joango gara, bertako konpartsak "Debarren Eguna" ospatzeko antolatzen duen erraldoi topaketara. Beste konpartsa batzuekin bilduta goiz eta arratsaldez irtengo gara, 11.30 eta 18.00. Bestalde, norbait konpartsara batzeko prest egongo balitz, ongietorria izango da, animatzea besterik ez da!!!", adierazi dute.
BASERRITARREN EGUNA
Maiatzak 13, igandea
10:15 46. Pilota txapelketa frontoian.
11:00 Baserriko produktuen azoka Dema plazan. Parte hartuko duten ekoizle usurbildarrak:
- Jexux Agirresarobe (Han Goiko arrautzak)
- Koldo Huegun (Borda Txuri, oilaskoak)
- Arkaitz Portularrume (Barazkiak)
- Basatxerri (Txerri ustiategia)
- Jon Arregi artzaina
- Ekogunea (udal baratzak)
- Jexux Agirre (eskuareak)
- Alkartasuna kooperatiba
11:30 Baserritarren omenezko hamaiketakoa.
13:00 Buruhandi eta Erraldoien konpartsa.
14:00 Herri Bazkaria bertsolariekin frontoian. Menua: menestra, oilaskoa euskal saltsan eta bertan egindako postrea.
(Txartelak salgai Alkartasuna, Artzabal eta Bordatxon. Helduak: 20€ - Haurrak: 10 €).
16:00 Xebastian Lizaso eta Ane Labaka bertsolariak.
18:00 Herri Kirolak.
Antolatzailea: Alkartasuna Baserritarren Kooperatiba.
Laguntzailea: Usurbilgo Udala.